Maher al-Akhras heldu da dagoeneko Jenin hirira. Joan den uztailetik atxiloketa administratibopean izan du Israelek Al-Akhras. Atxiloketzeko era horrek modua ematen dio Tel Avivi edonor espetxeratzeko, haren aurkako kargurik edo frogarik aurkeztu gabe, eta atxiloaldia sei hilabetean behin luza dezake. Preso palestinarrak, ordea, gose greba hasi zuen preso sartua izan eta gutxira, eta hala jarraitu zuen azaroaren 6ra arte. Egun horretan utzi zuen protesta, Israelek hitzeman ostean ez zutela haren atxiloaldia luzatuko eta aske utziko zutela.
Al-Akhrasek 103 egun egin ditu gose greban, bere osasun egoera arriskuan jartzeraino. Baina, aldi berean, nazioartearen arreta bereganatu du; izan ere, giza eskubideen aldeko erakundeek urteak daramate atxiloketa administratiboak amaitzeko eskatzen, argudiatuta giza eskubideen aurkakoak direla, ahalbidetzen dutelako edonor hainbat urtez espetxeratzea haren aurkako inolako kargurik aurkeztu gabe.
Palestinako Jihad Islamikoko kide izatea egozten zioten Al-Akhrasi, baina haren familiak ukatu egin du erakundeko kide dela. Europako Batasunak eta AEBek «erakunde terroristatzat» daukate Jihad Islamikoa.