Israelek asteartean askatuko ditu lehenengo 450 preso palestinarrak

Bai Benjamin Netanyahuk bai Hamasek Egiptoren bitartekaritza lana eskertu dute

Erredakzioa
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gazako Erresistentziarako Herri Batzordeetako bozeramaileak iragarri du Israelek eta Hamasek hitzartutako preso trukearen lehen fasea datorren asteartean egingo dutela. Hain zuzen ere, 2006an Guilad Shalit soldadu israeldarra atxilo hartu izanaren erantzuleetako bat da erakunde palestinarra.

Israelek oraindik ez du argitaratu lehen fasean askatuko dituen 450 preso palestinarren izenak, baina Al Aksa Hamasen gertuko webguneak dagoeneko eman du izenen berri. Besteak beste, Nael Barguti Presoen jekea, Abdul Hadi Goneim eta Mohamed Sharatha bizi osorako espetxe zigorra zuten preso palestinar beteranoak askatuko ditu Israelek, webgunearen arabera.

Arabiar Ligaren eskaera NBEri

Bai Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bai Jaled Meshal Hamaseko buruak Egiptoren bitartekaritza lana eskertu dute: Mohamed Hussein Tantaui Egiptoko Junta Militarreko burua aipatu du lehenak, eta Murad Muafi Egiptoko zerbitzu sekretuko arduraduna, berriz, bigarrenak.

Hamasek eta Al Fatak herenegun Kairon eginiko bileran presoen trukea ospatu bazuten ere, preso palestinarren gose grebak ekar dezakeen «balizko hondamendiaz» ohartarazi du PAN Palestinako Aginte Nazionalak. Haren arabera, 6.000 preso palestinar daude Israelgo kartzeletan, horietatik 38 emakumeak, eta 258 adingabeak. Irailaren 28az geroztik daude gose greban 2.500 preso palestinar inguru, euren bizi-baldintzak hobetzeko eskatzeko.

Horren harira, preso palestinarrek Israelen duten egoera ikertzeko nazioarteko adituen batzorde bat bidaltzeko eskatuko dio Arabiar Ligak NBE Nazio Batuen Erakundeari. Era berean, presoen gaineko nazioarteko itunak betetzeko eskatu dio Israeli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.