Gaurkoan Zisjordanian (Palestina) egin du hilketa Israelek: palestinar bat hil du, kontrol militar batean tiro eginda, Belen ekialdean. Israelgo armadaren arabera, palestinarrak autoan ihes egin du kontroletik, gasolindegi batera heldu da, soldadu bat harrapatzen saiatu da, militarrek geratzeko eskatu diote, ez da gelditu, airera tiro egin dute, gero autoaren gurpiletara eta, geratzen ez zenez, palestinar gidaria tirokatu dute.
Igandean Gazako iparraldean (Palestina) bi palestinar hil zituen Israelek, tanke batek tiro egin ondotik. Israelen arabera, lehergailu bat jartzera zihoazela-eta egin zien eraso. Hamas Palestinako erakundeak jakinarazi zuen bere kideak zirela hildakoak.
Atzo, berriz, Gazan bertan Rafah herriko hiru tunel bonbardatu zituen, leku horietatik armak jasotzen dituztelakoan eta palestinarrek koheteak bota zizkietelakoan. Egiptoko mugarekin bat egiten dute Gaza hegoaldeko tunelok.
Urtarriletik Hamas eta Israel, ofizialki, su-etenean daude. Aurreko 23 egunetan israeldarren armadak eraso bortitza egin zuen Gazan, eta 1.400 bat lagun hil zituen -gehienak, zibilak-.
George Mitchell Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuaren Ekialde Hurbileko auziaren ordezkaria lehengo astean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin baztartu zen -bakoitzarekin aparte-, baina ez zuen lortu Israelek eta Palestinak berriro ekitea bake elkarrizketei. 2008ko bukaeratik daude etenda elkarrizketak.
munDUA
Israelek beste palestinar bat hil du gaur, Zisjordanian
Kontrol militar batean tiro egin diote militarrek. Hamas Palestinako erakundea eta Israel, ofizialki, su-etenean daude urtarriletik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu