Koronabirusa

Israelek bi asteko itxialdia iragarri du herrialde osoan

Datorren ostiralean sartuko da erabakia indarrean, juduen urte berriaren (Rosh Hashana) ospakizunaren bezperan.

Israelgo herritarrak maskarekin. ABIR SULTAN / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 11
12:29
Entzun

COVID-19aren bigarren olatua gogor jotzen ari da Israel, eta pandemiaren aurka lanean ari den herrialdeko koordinazio taldeak iragarri du neurri berriak hartuko dituela kutsatuen kopurua arintze aldera: bi asteko itxialdia ezarri du. Datorren ostiralean sartuko da erabakia indarrean, juduen urte berriaren (Rosh Hashana) ospakizunaren bezperan. Horretarako, gobernuaren onespena falta da, eta igandean emango du erabakiaren berri.

Hain justu, inoizko positiborik gehien atzeman zituzten atzo: 4.000 baino gehiago, eta, horren harira, gauean jakinarazi zuten itxialdia ezarriko zutela. Jakinarazi dutenez, birusaren hedatzea mantsotzea da helburua.

Kabineteak proposaturiko planak hiru fase aurreikusten ditu. Aurrenekoan, bi asteko konfinamendu zorrotza ezarri nahi dute, eta herritarrak euren etxeetatik 500 metrorainoko tartean soilik mugitu ahalko dira; gainera, ia komertzio eta eskola guztiak itxiko dituzte, ezinbestekoak salbu. Bestalde, lehen etapa horretan, otoitza espazio irekietara mugatuko da, eta datek bat egiten dute Rosh Hashana eta Yom Kippur judaismoko festekin. Familien bilkurak ekiditeko eskatu dute.

Malguagoa izango da bigarren fasea, eta espazio irekietan hogei pertsonaren arteko elkartzeak onartuko dira; hamar lagunenak, aldiz, leku itxietan. Lantoki batzuk ere martxan jartzeko baimena izango dute, baina aurrerantzean ere debekatuta egongo dira hirien arteko joan-etorriak.

Hirugarren eta azken fasea kutsatzeen bilakaeraren araberakoa izango da, eta eskualde bakoitzeko egoera nolakoa den aztertuko dute, horren baitan neurriak ezartzeko; hots, orain indarrean dagoen planari eutsiko diote berriro. Tokiko agintariek autonomia handiagoa izango dute orduan.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan zuen neurriak hartu beharra dagoela, eta adierazi «bandera gorria» eragin duela egoeran Ronni Gamzu pandemiaren aurka lanean ari den taldeko buruak: «Aldez aurretik erabaki bat hartu behar dugu jaiegunetarako antolatu ahal izateko. Irtenbidea aurkituko dugu erikortasuna geldiaraziko duena eta murrizketak modu mailakatuan eta arduratsuan leuntzea ahalbidetuko duena», esan zuen. Kritika ugari jaso ditu Netanyahuk egiten ari den pandemiaren kudeaketagatik, eta bere interesen arabera jokatzea egotzi diote.

Koronabirusaren bigarren olatua indartsu iritsi da Israelera, eta dagoeneko 145.000 positibo baino gehiago hauteman dituzte; horietatik ia 34.000 kasu aktibo daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.