Israelek bi palestinar adingabe hil ditu Gazan egindako erasoetan

Zisjordaniako Yaba herrian meskita bat erre dute, eta grafiti iraingarriak idatzi dituzte hebreeraz

Erredakzioa
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Astelehenaz geroztik tentsioa areagotzen ari da berriro Gazan. Israelek hiru bonbardaketa egin ditu, eta bi egunetan sei lagun hil ditu. Atzo, esaterako, bi palestinar adingabe hil zituen Gaza erdialdean egindako aire erasoan. Axraf al-Qidra Gazako Osasun Ministerioko bozeramaileak argitu du hamaseina urte zituztela bi hildakoek, eta balaz josita aurkitu dituztela euren gorpuak. Israelek, berriz, «segurtasun harresian lehergailuak jartzen ari ziren lagun batzuei» egin ziela eraso azaldu du.

Gazako fakzio batek, Azedin al-Kasem brigadak, aitortu du eskuz egindako hainbat misil jaurti dituztela Israelera, Tel Aviven erasoei erantzuteko. Israelgo armadak, dena dela, azaldu du palestinarren erasoek ez dutela ez hildakorik ez zauriturik eragin. Urtebetean, lehenengo aldia da Azedin al-Kasem brigadak eraso bat bere gain hartzen duela.

Kritikarako tarte gutxi

Bestetik, Zisjordaniako Yaba hirian, Ramallahen hegoaldean, mezkita bati egin zioten eraso atzo, eta kolonoak egin dituzte erantzule. Goizean erreta eta hebreeraz idatzitako graffiti batzuekin agertu da. Hasi da gerra, Ordaindu prezioa edota Ulpanako gerra esaldiak agertu dira mezkitaren paretetan, bestak beste.

Azken esaldiak Tel Avivek Auzitegi Gorenaren aginduz desegin behar duen koloniari egiten dio erreferentzia. Kolonoak eta eskuin muturrekoak haserre daude erabakiarekin, eta ugaritu egin dira gobernuaren zein palestinarren kontrako protestak. Horren harira, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamenduak gaitzetsi egin du Yabako «eraso lazgarria».

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak kritikarako espazioa murrizteko legeak onartu izana egotzi dio Israeli. Frank La Rue Iritzi Askatasunerako NBEren arduraduna Israelen eta lurralde palestinarretan egon zen iazko abenduan, eta iritzi askatasuna mugatuta dagoela eta Israelgo herritar palestinarrak diskriminatu egiten dituztela ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.