Israelgo armadak, hegazkin batekin eraso eginda, Palestinako Al Quds Brigadetako bost ekintzaile hil ditu gaur Gaza hegoaldean, Rafa hirian. Brigaden entrenamendu gune batean egin du erasoa, eta beste hiru lagun zaurituta daude.
Hasieran lekuko batzuek azaldu dute ezbehar bat izan dela, baina Maan Palestinako berri agentziak berehala zabaldu du Israelgo armadaren erasoa gertatu dela. Al Quds Brigaden arabera, bi misil bota ditu hegazkinak.
Israelek baieztatu egin du bera izan dela erasoaren egilea eta hegazkin militar batek hartu duela parte. "Israelera irismen handiko koheteak botatzeko prestaketa lanak egiten ari zen talde terrorista baten kontra egin dugu", esan du armadak. Haren arabera, talde hark bota zituen asteazkenean Grad koheteak. "Ez dugu onartuko gure herriko zibilen eta soldaduen aurkako erasorik. Ondorioz, Israelgo Estatuaren kontra terrorismoa darabilen orori gogor egingo diogu".
Brigadetako buruzagi beterano bat dago hildakoen artean: Ahmed Sheij Jalil.