Palestina - Israel

Israelek dio Iranek ezkutuko biltegi nuklear bat duela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren esanetan, Iranek bere programa nuklearra garatzeko ezkutuko biltegi nuklear bat du. Frogak dituela ziurtatu du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, gaur, NBEren Batzar Orokorrean. JASON SZENES, EFE
2018ko irailaren 27a
07:16
Entzun

Israelek Iran salatu du, gaur, NBEen Batzar Orokorrean: programa nuklearra ezkutuan garatzen jarraitzea leporatu dio. Netanyahuk adierazi du horren frogak dituela. Hainbat argazki erakutsi ditu bere hitzaldian. Irudietan agertzen ziren eraikinak ekipamendu eta material erradioaktiboa gordetzeko biltegia dira, Israelgo gobernuburuaren iritziz. Netanyahuk Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziati dei egin dio eremu hori aztertu dezala, Iranek "alfonbrak baino garbiago utzi baino lehen".

Netanyahuren hitzeran, aurkeztu duen "froga" Israelek Iranen ustezko sekretupeko programa bati buruz aurten lortu dituen dokumentuen parte da. AEBak dokumentu horietan oinarritu ziren Iranekin zuten akordio nuklearra hausteko. Aurreratu duenez, ordutik, "biltegia" garbitzeko lanean aritu da Iran.

Zehaztu duenez, argazkitan erakutsi duen eraikina Teheran erdigunean dago, eta 300 kilogramo materia erradioaktibo biltzeko erabilia izan da. "Israelek badaki Iran zertan ari den, eta beharrezkoa dena egingo du bere burua defendatzeko", ohartarazi du.

Israelgo gobernuburuak Donald Trump AEBetako presidentearen jarrera txalotu du, Iranekin akordio nuklearra hausteagatik, eta Europar Batasunari leporatu dio Iranai finantza arloan laguntzea.

Trump bake itxaropena suntsitzen ari da, Abbasen iritziz

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Trumpen aurka egin du bere hitzaldian. Gaitzetsi egin du AEBek Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortu eta errefuxiatu palestinarrei laguntzak eten izana. Haren esanetan, AEBek hartuak zituen konpromisoen kontrako erabakiak dira eta bi estatuen konponbidea zailtzen dute neurri horiek. "Herri palestinarraren eskubideak ezin dira negoziatu", adierazi du.

Abbasek Israelen alde lerrokatzea leporatu do Trumpi. Palestinako Aginte Nazinaleko buruaren esanetan, Trump bake itxaropena "suntsitzen" ari da, hartu dituen erabakiekin.

AEBetako presidenteak atzo iragarri zuen Israel eta Palestinarako bake plan bat prestatzen ari dela eta haren berri emango duela urte amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.