Israelek gaur jakinarazi duenez, Jordaniatik eraso egin diote gaur, Poliziaren mugako patruila baten kontra eginda. Tiroak bota dizkiete, israeldarrek erantzun egin diete, baina ez da hildakorik izan.
Lehengo astean Libanotik egin zioten eraso.
Bien bitartean, Israelek egurrean segitzen du Gazan (Palestina), eta gaur hango 60 "helburu" erasotu ditu. Berri agentzien arabera, 30 lagun hil edo zauritu ditu. Zortzi israeldar soldadu, berriz, zauritu egin dira -haietako bat larri dago-.
Gazako lurralde osoan aritu da armada erasoa egiten eta, hark dioenez, besteak beste hotel baten kontra egin du, "tiro egiteko erabiltzen zutelako terroristek". Koheteak botatzeko hamar gune ere jo ditu, hamabost tunel, Hamasen hamabost patruila, zazpi arma biltegi edota armak egiteko tailer bat.
Israel abenduaren 27tik ari da erasoan da Gazan eta, azken datuen arabera, 900 lagunetik gora hil ditu eta 4.000 bat zauritu. Hamasek Israelera koheteak botatzen zituelako hasi zen erasoan hau. Israelen aldetik, hamabost soldadu hil dira. Abenduaren erdian bukatu zuten biek urte erdiko su-etena.
Gaur ere Gazan hiru orduko su-etena egingo duela jakinarazi du Israelgo armadak, han giza laguntza jaso dezaten.
Mundua
Israelek dio Jordaniatik erasoa jaso duela
Poliziaren auto bat tirokatu dute. Gazako beste 60 "helburu" jo ditu gaur Israelek: hotel bat, koheteak botatzeko hamar gune, hamabost tunel, Hamasen hamabost patruila, zazpi arma biltegi edota armak egiteko tailer bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu