Israelen erasoaldia Gazan

Israelek dozenaka lagun hilez hasi du erasoaldiaren bigarren astea

Dagoeneko 200 lagun baino gehiago hil ditu Tel Avivek Gazan. Jihad Islamikoaren komandante bat hil du. Nazioarteko hedabideen egoitzaren kontrako erasoaz azalpenak eskatu ditu Etxe Zuriak

Suhiltzaile bat Israelen bonbek utzitako sua itzaltzen, gaur, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 17a
19:57
Entzun

Astebete igaro da Israelek Gazako setioa hasi zuenetik, eta momentuz ez dago berehalakoan amaitu daitekeela iradoki dezakeen inolako zantzurik, eta, halakorik izatekotan, ez dauka zerikusirik Israelgo Gobernuak sarraskiarekin izan dezakeen enpatia mailarekin, zerrendatu dituen helburu militarren lorpenekin baizik. Eta, bitartean, etengabe ari da igotzen lurraldean hildakoen kopurua. Gazako Osasun Ministerioaren arabera 201 dira jada, eta 1.253 zauritu. Datu horrek eman dezake erasoaren tamaina, 2014an izandako erasoaldian 184 palestinar akabatu baitzituen Israelek Gazan lehen astean, eta dagoeneko gainditu baitu zenbaki hori.

Orain arteko egun odoltsuena atzean utzi du gaurko goizak. 43 lagun hil ziren bonbardaketetan atzo; tartean, hamar hau. Israelgo Armadaren arabera, eraildakoen artean dago Hasam Abu Hardib Jihad Islamikoaren lotutako Al-Quds brigadaren komandantea. Tankeen aurkako misilen arduradunetako bat zen, Tel Aviven arabera. Palestinako Maan berri agentziak ere baieztatu du Abu Hardiben heriotza, goizeko lehen orduetan egindako bonbardaketa batek bere etxea suntsitu zuela esanez. Berehala erantzun du milizia palestinarrak, eta jakinarazi du suziriak jaurtiki dituela Ashdod hirira. Hiru lagun zauritu dituztela esan du Israelgo Poliziak.

Jopuntuan dituen buruzagi islamisten aurkako operazioekin jarraitzeko asmoa duela berretsi du Israelek asteburuan, eta argudio horren pean erasoak egiten jarraitzen du. Hildako eta zauritutako zibilen inguruan adierazpenik ez du egin armadak, baina, aldiz, etengabe ematen du milizien aurkako operazioaren berri. 820 «helburu terrorista» jo eta 130 «terrorista» baino gehiago «neutralizatu» dituela adierazi du gaur. Gainera, armadak jakinarazi du Hamasek Gazan eraikitako tunel baten hamabost kilometro eta erakundeko komandanteen bizileku ziren bederatzi etxe suntsitu dituela.

Hamasek, aldiz, zibilen aurkako erasoetan jarri du fokua, eta mehatxua berritu dio Israeli. «Israel etxebizitzen eta erresidentzien aurkako ofentsiba handitzen ari da azken orduetan, eta, beraz, ohartarazten diogu, berehala geratu ezean, berriz ere Tel Aviv erasotuko dugula», adierazi du Abu Ubaidah bozeramaile militarrak.

Nazioarteko komunitateari zuzendu zaio, aldiz, Palestinako Atzerri ministro Riyad al-Maliki, eta Israelen «agresioa» gelditzeko, ekiteko eskatu du. Nazio Batuen Erakundea egoeraren inguruko erabakirik hartzeko gai ez izana deitoratu du, Segurtasun Kontseilua atzo bildu arren, ez baitzen gauza izan adierazpen bateratu bat plazaratzeko, Ameriketako Estatu Batuek galarazi zutelako. Halaber, Israelekiko akordio komertzialak etetea eta laguntza humanitarioa bidaltzea eskatu die, bereziki, AEBei eta Europako Batasunari.

Hitzok haizeak eramango dituela dirudi, ordea. Errealitateran gordina azaleratu da ondoren, jakin baita Etxe Zuriak arma kargamentu handi bat saldu diola Israeli, 735 milioi dolarreko prezioan —600 milioi euro baino gehiago—.

Bizi direnak ere, estuago

Zuzeneko erasoen ugaritzeak ez ezik, horiek utzitako ondorioek ere larriagotu dute Gazako egoera. Ospitaleak eta osasun etxeak suntsitu ditu Israelek, eta ukitu ez dituenak gainezka egitear daude. Hala adierazi dio Youmna Al Sayed Gazako kazetariak Al Jazeera telebista kateari: «Ospitaleak baliabiderik gabe geratzen ari dira, korridoreak ohez eta koltxoiez beteta daude».

Lurralde okupatuan zirrara eragin du, halaber, bi mediku entzutetsuren erailketak. Atzo goizean, Al-Shipa ospitaleko barne medikuntzako zuzendari Ayman Abu al-Ouf hil zuten, bere senideekin batera, misilekin egindako eraso batean. Beranduago jakin zen Mooein Ahmad al-Aloul neurologoa ere hilda zegoela, bere etxea bonbardatu ostean.

Bestalde, oraindik ere zeresana ematen jarraitzen du Al-Jalaa dorrearen aurkako erasoak. Nazioarteko dozenaka komunikabideren egoitza den eraikina bonbardatu eta erabat suntsitu zuen Israelek larunbatean. Dorrea Hamaseko kideek erabiltzen zutela argudiatu zuen armadak bonbardaketa gauzatzeko, baina ez zuen inolako frogarik eman horren inguruan. Bada, badirudi gertakari horren oihartzuna AEBak orain arte Israelen egiteko moduetatik gehien urrundu dituena izan dela. Inongo aitzakiarik gabeko babesa agertu dio momentu oro Etxe Zuriak Tel Avivi, baina Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak aitortu du ez dutela ikusi «Hamasen inteligentzia unitateen» presentziaren frogarik, eta horren inguruko «informazio osagarria» eskatu diotela Israelgo Gobernuari..

Tel Avivek hedabideen kontakizuna isilarazteko eta iritzi publikoan eragiteko izan dezakeen asmoaren inguruko kezka ere eragin du Al-Jalaa dorrearen bonbardaketak. «Hedabideen egoitzen suntsiketak eramaten gaitu galdetzera ea Israel prentsa askatasuna oztopatzen saiatzen ari den», adierazi du FPA Atzerriko Prentsa Federazioak, ohar batean.

Areago, Israelek bere mugimendu militarrei buruzko informazioa manipulatu duen ustea ere haizatu dute azken gertakariek, eta, bereziki, lurreko operazio militarraren inguruan armadak egindako adierazpen kontrajarriak. Izan ere, armadak joan den ostegunetik ostiralerako gauean jakinarazi zien nazioarteko berriemaileei «aireko eta lurreko operazio» baten berri eman zien, eta Jonathan Conricus bozeramaileak adierazi zuen «Gazako lurretan barneratu» zirela tropak. Geroago, baina, armadak atzera egin eta argitu zuen tropak ez zirela Gazara sartu, mugaren beste aldetik eraso egin zutela baizik. Zenbait hedabidek armadaren jokalditzat hartu zuten, Palestinako milizianoak euren gotorlekuetatik atera eta haien aurkako erasoa gogortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.