Israelgo Gobernuak ehun bat palestinarren gorpuak horien senideen esku utziko ditu, atzo preso palestinarrek gose greba eteteko egindako hitzarmeneko baldintza gisa. Presoek gose greba amaitu dute, Israelek baldintzak onartu dituelako.
Ofir Gendelmanek, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bozeramaileak, gaur baieztatu du Israelek gorpuak palestinarren esku uztea onartu duela. Israelgo Gobernuak palestinarren ehunka hilotz ditu palestinarrek Zenbakien Hilerria esaten dioten gune batean.
Greba uztearekin batera, Israelen aurkako erasorik ez egitea hitzartu dute palestinarrek. Tel Avivek hiru kontuok betetzea onartu du: Gazako presoen senideei bisitak onartzea, bakartze zigorrak deuseztatzea —preso batzuek urteak daramate bakartuta— eta atxiloketa administratiborik ez berritzea.
Nakba eguna, aberriratzeko eskubidearen aldarria
Gaurko egunarekin, Israelek sortu zela 64. urteurrena ospatuko du. Eta palestinarrek 1948an tragedia bat hasi zela gogoraraziko dute. Urte hartako gertaerek etengabeko ihesaldia eragin zuten, gaur egun zazpi milioi palestinar baino gehiago erbestean izateraino.
Urte hartan, 726.000 herritarrek ihes egin behar izan zuten etxetik, edota bota egin zituzten, eta ehunka lagun hil zituzten. 414 herrixka kiskali zituzten israeldarrek, eta palestinarren ondasunak bereganatu zituzten. 1952an Israelgo Legebiltzarrak Herritartasunaren Legea onartu eta gero, palestinarrei herritartasuna ukatu egin zieten estatu berrian, eta 1967an, Gaza eta Zisjordania militarki okupatu zituztenean, egoera larriagoa egin zen; berriz ere ihesaldi masiboa eragin zuten.
Nakba eguna palestinarren aldarrikapen eguna izaten da; Israeli sarraskiagatik erantzukizuna eta auziari irtenbide bat eman diezaioten eskatzeko ateratzen dira palestinarrak kalera, Lurralde Okupatuetan nahiz erbestean. Etxera itzultzeko eta herri modura etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dute.