Egunetik egunera larriagotzen ari da Gazako egoera, eta 2014an eremu berean 50 egun iraun zuen gatazka militarraren itxura gero eta handiagoa hartzen ari da egunotan han gertatzen ari dena —67 soldadu israeldar, 6 zibil israeldar eta 2.000 palestinar baino gehiago hil ziren orduan—.
Israelen erasoaldi militarra fase berri batean sartu da gaur. Atzo Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak iragarri moduan, erasoen intentsitatea eta kantitatea handitu ditu armadak, bonbardaketa masiboak, hegazkinen bidez jaurtitako misilak eta miliziano palestinarren hilketa selektiboa tartekatuta. Orain arteko azken balantzearen arabera, dagoeneko 56 dira astelehenetik Tel Avivek hildakoak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera; besteak beste, 14 ume.
Goizalderako, aurreko egunean baino zazpi lagun gehiago hilak zirela jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak. Israelgo Armadak zehaztu du, besteak beste, haren misilek Hassan Kaogi Hamasen segurtasun militarreko saileko burua jo dutela, eta baita kontraespioitzako saileko burua ere, Wail Issa. Beranduago, Hamasek jakinarazi du erakunde horren Gazako komandantea, Bassem Isa, ere hil dela erasoetan, zeina Hamasen kontseilu militarreko buruetako bat baitzen.
Gazako hainbat polizia etxe ere suntsitu dituzte, besteak beste, Hamasen polizia egoitza nagusia. Baina, horiez gain, etxebizitzak ere suntsitu dituzte bonbardaketek: hamahiru solairuko dorre bat eta hamalauko beste bat bota ditu Israelek, besteak beste, Hamaseko milizianoen gotorlekuak zirela argudiatuta. Palestinarrek salatu dute Palestinako hainbat hedabidek egoitza moduan erabiltzen dutela azken eraikin hori.
Egoera baretzetik urrun, Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroak ohartarazi du eraso horiek beste hainbaten aurrekari izango direla. Adierazi du bere herrialdea ez dela «su-eten baterako prestatzen» ari, eta operazio militarrak ez duela «amaiera datarik». Kontrara, mehatxua berritu du: «Gazan etxe orratzak erortzen ari dira, enpresak suntsitzen, tunelak desagertzen, eta buruzagi militarrak hiltzen. Bonbardatzen jarraituko dugu, eta, gero, isiltasuna helduko da luzerako».
Aurreko egunetako gertaeren hurrenkera antzekoan, Hamasek eta Jihad Islamikoak berehala erantzun diete Israelen erasoei, Gazako Zerrendaren beste aldera suziriak jaurtiz. Hamasi lotutako Al Qassam brigadak jakinarazi du hamabost lehergai bota dituela Dimona eremura —han dago Israelgo erreaktore nuklear nagusia—, eta beste 50 Ashdod hirira. Denera, milizia palestinarrek 600 suziri inguru bota dituzte astelehenetik, baina Israelgo defentsa unitateek geldiarazi egin dituzte gehienak. Palestinarren erasoek sei lagun hil dituzte, agintari israeldarrek jakinarazi dutenez: bost, suzirien inpaktuen eraginez, eta beste bat, tankeen aurkako misil batekin, Gazako Zerrendako mugan.
Israelen mehatxuek ez dute kikildu Hamas, eta Ismail Haniya buruzagiak adierazi du bere erakundea «prest» dagoela erasoen gorakadarako: «Israelek egoera gogortu nahi badu, horretarako prest gaude, eta gelditu nahi badu ere, prest gaude». Halaber, Israelgo eta lurralde okupatuetako palestinarren protestak goratu ditu: «Guztiok batera mugitzen ari gara, modu koherentean, okupazioari aurre egiteko», nabarmendu du. Jihad Islamikoaren adarreko Al-Quds brigadak ere eraso militarrari eusteko asmoa berretsi du, ohar batean: «Ez dugu atzera egingo gure erresistentzian, horren ordaina edozein dela ere». Tel Avivera eta hiri horren ingurura 100 suziri baino gehiago jaurti dituela ere jakinarazi du.
Gorakadarako prestatzen
Palestinarren gaitasun militarrak hutsalak dira, ordea, israeldarrenekin alderatuta. Gazaren aurkako 500 bonbardaketa egin ditu armadak dagoeneko, eta lurreko erasoetarako ere hasi da prestatzen. Erreserban zituen ehunka soldadu mugara eraman zituen atzo Israelek, eta gaur ere jarraitu du horretan. Are, artilleria astuna ere jarri du erasotzeko gertu.
Izan ere, jarduneko gobernuko ordezkarien adierazpenek pentsarazten dute egoera ez dela berehalakoan lehengoratuko. Turkiako Anatolia berri agentziak zabaldu du Tel Avivek uko egin diola su-etena emateko Egiptok eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egindako proposamenari. Presio diplomatikoak arinak zaizkio oraindik Israeli, eta horren erakusle da NBEren Segurtasun Kontseilua. Gaur ere elkartu da Segurtasun Kontseiluko larrialdi mahaia, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren gorakada aztertzeko, baina, herenegun gertatu moduan, ezin izan dute tentsioa baretzeko eskatzeko adierazpen bateraturik atera, AEBak aurka agertu baitira.
Irmoago aritu da Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburu Fatou Bensouda: Israelen bonbardaketak gaitzetsi, eta esan du Gazaren aurkako erasoaldia «gerra krimentzat» jo litekeela.
Edonola ere, orain arte nazioartetik heldutako mezuen artean gutxiengoak izan du jopuntuan Israel, eta gehienek neurri berean jarri dute egoeraren karga bi aldeengan. Israelen operazio militarraren gaitzespen irmoago bat nahi du PAN Palestinako Aginte Nazionalak, eta harreman diplomatikoetan jarria du begia. Gaur iluntzean biltzekoa da PAN PAE Palestina Askatzeko Erakundearekin, Gazako egoeraz hitz egiteko. Hainbat herritarrek bide diplomatikoan tematzea egotzi diote PANi, hala ere.