Israelek espetxean sartu nahi ditu 14 urtetik beherako palestinarrak

Lege proiektua onartu dute zigortutako nerabeak adingabeen zentroetatik kartzelara pasatzeko

Haur palestinarrak soldadu israeldarrei harrika, iaz, Nablus ondoan, Qadomeneko kolonian. ALAA BADARNEH / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Ikusi ditugu Estatu Islamikoko haurrak jendeari lepo zintzurra mozten, eta 11 urteko palestinar terroristak ere badaude; eskola sarreran errekrutatzen dituzten haurrak dira». Argudio horiekin babestu du Anat Berko Likudeko diputatuak Gazteria Legea aldatzeko zuzenketa. Eta Israelgo Parlamentuak lehen irakurraldian onartu du 14 urtetik beherako palestinarrak, «terrorismo ekintzengatik» zigortuak direnean, aurrena adingabeen zentro batean edukitzea, eta 14 urteak betetzean espetxeratzea.

Aldeko 64 boto eta kontrako 22 jaso ditu Israelgo Parlamentuan Likudeko diputatuak defenditutako lege proiektuak. Beste bi bozketa gainditzen baditu, lege bihurtuko dute. Testuak ez du hitzez aipatzen haur palestinarrei buruz ari denik legea, baina hala da. Knesseteko eztabaidan, lur okupatuetan urriaren 1ean piztu zen oldarraldiaz aritu baitziren erabat: dagoeneko 102 palestinar, 19 israeldar eta estatubatuar judu bat hil dituzte labana erasoak hasi zituztenetik. Berkok nabarmendu du legearen helburua haurrak erasoetarako «baliatu» ditzaten eragoztea dela: «Disuasioa eta prebentzioa eragingo ditu legeak, eta segurtasun handiagoa emango die Israelgo herritarrei, hala juduei nola arabiarrei».

Arabiar Zerrenda Batuko diputatu Osama Saadik salatu du lege berriaren helburua «harriak jaurtitzen dituzten nerabe palestinarrak espetxeratzea» dela, eta bereizkeria egotzi dio egitasmoari, soilik terrorismoaz akusatutako haurrak hartzen dituelako aintzat, legeak zigortutako beste delituak albo batera utzita: «Palestinarren etengabeko zirikatzearen beste atal bat da».

Legea orain onartzearen arrazoia kolono israeldarren egonezina baretzea da. Izan ere, ia bi hilabete badira antolatu gabeko palestinarrak juduen kontrako erasoak egiten hasi zirenetik —labanekin aurrena, ibilgailuekin jendea harrapatuz gero, eta baita tiroka ere, azkenaldian—, eta egoera bereziki arriskutsua bilakatu da, Jerusalem eta Hebron hirietan bai, baina, bereziki, Zisjordaniako zenbait koloniatara iristeko igaro behar diren errepideetan.

Israelgo armada, hirietan ez ezik, kolonia nagusien inguruko errepideetan ere erruz hedatu da, bidegurutzeetan eta bide bazterretan, baina ez du lortu erasoak gutxitzea.

«Exekuzio sumarioak»

Giza eskubideen aldeko B'Tselem erakunde israeldarrak «kaleko exekuzio sumarioak amaitzeko» eskatu dio Benjamin Netanyahu lehen ministroari: «Zure gobernuak baimendu egiten du —eta sustatu— poliziak eta, are, zibil armatuak epaile eta exekutore bihurtzea», idatzi dio B'Tselemeko zuzendari Hagai el-Adek Israelgo gobernuburuari. Segurtasun indarrek gehiegizko indarkeria erabiltzea ere salatu du: «Mina eragin, mina eragiten saiatu edo eraso baten susmagarri den jendearen kontra indar hilgarria erabili da, dagoeneko inorentzat arriskurik ez zegoenean».

Netanyahurekin Israelek «indarraren neurrizko erabilera» baliatzen duela argudiatu arren, «legez kanpoko hilketa ugari» dokumentatu dituztela argudiatu du El-Adek: «Hiltzeko tiro egitea edozein egoeratara moldatu da».

Atzo goizaldean, Israelgo soldaduek hiru palestinar hil zituzten: 21 urteko bat Zisjordaniako Qatana hirian egindako operazio batean; beste bat Tapuakheko bidegurutzean, ustez kontrol postuko mugazainei labanaz eraso egiten saiatu zelako; eta 19 urteko beste bat Hebronen, sabelean bi tiro jasota, Al-Arubeko errefuxiatu kanpalekuan izandako istiluetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.