Israelgo eta Palestinako agintariek Gazako mugako pasabideen gaineko akordioa lortu dutela jakinarazi zuen, atzo, Condoleezza Rice AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak. Israelgo lehen ministro Ariel Sharonekin, Atzerri ministro Silvan Shalomekin eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin bildu zen Rice astelehenean. AEBetako Estatu idazkariaren iritziko, akordioa «urrats garrantzitsua» da israeldarren eta palestinarren arteko harremanak hobetzeko. Hala ere, Ricek adierazi zuenez, egiteko asko dago oraindik eta «prozesuak ezin du aurrera egin terrorismoaren aurkako borrokan aurrerakadarik egiten ez bada».
Lau puntu nagusitan oinarritzen da lortutako akordioa. Lehenik Rafako pasabidea datorren azaroaren 25ean irekitzea onartu dute. Gaza eta Egiptoren arteko mugan dago Rafako pasabidea. Bigarrenik, Gazako kamioiek Israelera igarotzeko baimena izango dute Karniko pasabidetik. Hirugarrenik, Gaza eta Zisjordania lotzeko autobus eta kamioi konboiak jarriko dituzte martxan. Eta azkenik, Gazan portu bat eraikitzeko baimena izango dute palestinarrek.Pasa den irailean israeldarrak Gazatik erretiratu zirenetik mugen kontrolari buruzko akordioa lortu nahian aritu dira agintariak. Palestinarrentzat beharrezkoa zen aske mugitu ahal izatea. Gainera, PAN Palestinako Aginte Nazionalarentzat pasabideak berriz irekitzea beharrezkoa zen herrialdearen ekonomia suspertzeko. Israelek, aldiz, segurtasuna bermatu behar zela zioen; ekintzaileeak pasabide horiek erabiliz Israelera sar zitezkeelako edota armen trafikorako erabili ahal izango zituztelako.
Segurtasun kamerak
Rafako pasabidea, beraz, hilaren 25ean zabalduko dute. Pasabidea Egiptoko eta Palestinako agintariek kontrolatuko dute. Baina EB Europako Batasuneko 50 ikuskatzaile baino gehiago ere izango dira bertan. Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi arduradunaren esanetan jeneral italiar bat izango da Rafan egongo diren ikuskatzaileen burua. Israelek kameren bidez zaindu ahal izango du pasabidea eta segurtasuna arriskuan jar dezaketen ondasun pribatuen gaineko kezka agertu ahal izango du. Ez du, baina, beto eskubiderik izango. Ezingo da bidaiari bat 6 ordu baino gehiago kontrol gune batean atxikita eduki.
Karniko pasabidean egunean 150 kamioi pasa ahal izango dira Israelera urtea amaitzerako. Baimena eguneko 400 kamioirentzat izango da urtebete beranduago. Bestalde, Gaza eta Zisjordania lotzeko hartutako erabakiari dagokionez, abenduaren 15etik aurrera batetik bestera autobus konboiak jarriko dira martxan. Gazatik Zisjordaniara (eta alderantziz) joateko Israel zeharkatu behar duten palestinarrak eramateko.Azkenik, Gazan portu bat eraikitzen hasteko aukera biltzen du akordioak. Horrekin batera, Israelek burututako erasoen ondorioz txikituta dagoen aireportuari buruz hitz egiten jarraitzeko konpromisoa hartu zuten bi aldeek.Bitartean, Omri Sharon Ariel Sharonen seme zaharrenak1999an bere aitaren kanpainarako dirua biltzeko legez kanpoko ekintzak burutu zituela onartu zuen atzo. Agiriak faltsutu eta alderdiak finantzatzeko legea hautsi zuen. Bestalde, epaitegi militar batek, errugabetu egin du iazko urrian 13 urteko neska bat hiltzea leporatzen zioten Israelgo Armadako kide bat. Neskatila lurrean zegoen, zaurituta, eta beste tiro bat jo zion soldaduak. Epaileen arabera, berehalako mehatxuak ezabatzeko egin ohi dituzte israeldarrek horrelakoak.
EKIALDE HURBILA
Israelek eta PANek akordioa lortu dute Rafako pasabidea irekitzeko
Karniko pasabidetik zamak igaro ahal izango dituzte, eta Gazan portu bat eraikitzen hasiko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu