«Errefuxiatu oldeak geldiarazi behar baditugu, hala eginen dugu». Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak atzo Golango Gainean egindako adierazpenak dira, Siriako gatazkatik ihesi direnek eremu horretako muga gurutzatu nahi badute, Tel Aviven asmoa zein den argi utziz. Siriari 1967an okupatutako eremu horretan Israelek hedatuak dituen indar militarrekin egon da Barak. Balizko iheslari olde bat ez hartzeko arrazoitzat aipatu du hori eginez gero Golango Gaina «talde militanteentzako paradisu» bilaka litekeela.
Gauza jakina da Israel tentu handiz ari dela begira mugaren bertze aldeko gatazkari. Tel Aviv Siriaren etsai amorratua da —bi gerra eta hainbat gatazka gehiago izan dituzte elkarren aurka—, baina, hala ere, analista anitzek zalantzan paratu dute Israelek zer-nolako inplikazioa edo esku hartzea duen Baxar al-Assaden gobernuaren aurkako gerran, oposizioan islamistek duten eraginaren ondorioz. «Siriara atzerritik etorritako jendea dago, jihad globalekoak, Al-Qaedakoak eta bertze islamistak, eta horrek erran nahi du borrokak aurrera jarraitzen duen heinean Al-Assaden ondorengo egunean are kaos handiagoa izanen dugula Sirian», adierazi du Barakek.
Arma kimikoen afera
The Jerusalem Post-en arabera, Israel arduratuta dago azkenaldian Mendebaldeko agintarien ahotan bolo-bolo dabiltzan Siriako arma kimikoen etorkizunarekin. Hiru aukera posiblek kezkatzen dute Israel: lehenbizikoan,Hezbollahen esku geldituko lirateke; izan ere, Siriako ezegonkortasunak Libanon utz ditzakeen ondorioen beldur da Israel. Bigarrenean, Siria zatituta geldituz gero, muturreko fakzioren batek eskuratuko lituzke, gero Israelen aurka erabiltzeko. Eta, azkenik, apokaliptikoena: Al-Assadek, «bizkarra paretaren aurka duela», erori aitzinetik dena Israelen aurka bideratzea erabakiko luke. Propaganda kutsua du informazio horrek, baina armadaren alerta egoera igo berri du Israelek.
Israelek ez die utziko iheslariei Golanen sartzen
Siriari 1967an okupatutako lurrak bisitatu ditu Ehud Barak Defentsa ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu