Ekialde Hurbila

Israelek ez ditu erasoak gelditu, eta odolusten segitzen du Gazak

Gutxienez 28 lagun hil ditu Tel Avivek, atzo Gaza bonbardatzen hasi zenetik. Hamasek suziriekin erantzun dio, eta hiru lagun hil ditu. Israelgo krisi politikoa bigarren planoan utzi du gatazka berpizteak.

Israelen bonbardaketetan atzo hildako palestinar baten hileta, gaur, Gazan. HAITHAM IMAD / EFE
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 11
20:55
Entzun

Azken egunetan piztutako sua itzali beharrean, egur gehiago bota dio Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak. «Gure asmoa da erasoen intentsitatea eta kantitatea handitzea», adierazi du sare sozialetan, Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketen ondorioz hildako lagunen kopurua 28ra iritsi den egunean. 

Aurreko egunean hasitako erasoarekin jarraitu du gaur goizaldean Tel Avivek, Netanyahuk mehatxua berritu aurretik ere. Ordura arte gutxienez 24 lagun hil dituzte bonbardaketetan, eta beste bi heriotzaren berri eman zutedun Gazako osasun agintariek. Maan berri agentzia palestinarrak zabaldu duenez, Jihad Islamikoa miliziako kideak ziren bi hildakoak, eta, horiekin batera, milizia horretako hirugarren kide bat larri zauritu dute. Jihad Islamikoak ez du halakorik baieztatu, baina Palestinako Maan berri agentziak zabaldu du Jihad Islamikoaren adar bat diren Al-Quds brigadaren zenbait posizio suntsitu dituztela, Khan Yunis hirian milizia palestinarrek kontrolatutako beste zenbait gunerekin batera. Al-Qudsek berak jakinarazi du ondoren bere hiru kide hil direla bonbardaketetan. Eraso berean, bost zibil zauritu dituzte. Goizean emandako hildakoen kopurua eguneratu egin du arratsaldean Gazako Osasun Ministerioak, esanez dagoeneko 28 direla Israelen erasoen eraginez hildakoak; tartean, hamar haur.

Egun osoan zabaldu dira Gazako eraikinak kea dariela erakusten dituzten irudiak. Al-Jazeera telebista kateak eguerdirako Israelen hamalau erasoren berri emana zuen. Arratsaldean, berriz, hamahiru pisuko eraikin bat suntsitu dute Israelen misilek.

Aurreko egunean hildako palestinarren hiletetakoekin tartekatu dira irudiok. Jendetza elkartu da Gazako kaleetan hildakoak agurtzeko eta goratzeko. Egun guztian jendea kalean elkartu den momentu bakanak izan dira omenaldiok, etxeetan gotortuta izan baita gehiengoa, Israelen erasoen beldur.

Bitartean, airez ez ezik, lurrez ere Gazari eraso egiteko prestatu da Israel. Defentsa ministerioak ohar bat plazaratu du iragartzeko Gaza inguratzen duen hesiko segurtasuna bermatzeko erreserban zituen 5.000 militar mobilizatu dituela, operazio militarra «hedatzeko» eta «Israelen defentsan sakontzeko».

Gazatik jaurtikitako suziriak argudiotzat darabilzki Tel Avivek bonbardaketak egiteko. Hamas erakunde islamistak ultimatuma eman zion Israeli atzo, exijituz Jerusalem ekialdeko Al-Aqsa meskitaren inguruko segurtasun indarrak erretiratu zitzala, hainbat egunez Israelgo Poliziak palestinarren aurka egin eta gero. Entzungor egin zion Israelek, ordea, eta  berriz oldartu zitzaien ramadanaren testuinguruan han elkartutakoei. Suzirien jaurtiketa intentsifikatu egin du gaur Hamasek. Gutxienez halako 250 bota dituztela zabaldu dute hedabideek. Horietako askok Jerusalem zuten jomugan, baina Israelgo aireko defentsa sistemak suntsitu ditu gehienak. Ez, ordea, Israelgo hegoaldeko Ashkelon hiriaren aurka botatako zenbait. Eraso horretan bi zibil hil eta dozenaka zauritu direla zabaldu du Daviden Izar Gorriak Israelgo osasun zerbitzuak.

Tel Aviven aurka ere egin du Hamasek. Hiri horretara 130 suziri jaurti dituztela jakinarazi du iluntzean erakunde horri lotutako Al Qassam brigadak, azalduz aurrez Israelek Gazari egindako erasoari erantzunez egin dutela.

Bitartekaritzek, porrot

Hamasen eraso horren ostean iritsi da Netanyahuren mehatxua. Hamasek «espero ez dituen» kolpeak jasoko dituela iragarri du jarduneko lehen ministroak. Tentsioa baretzeko nazioartearen eskaria erregu hutsa den bitartean ez du ematen Tel Avivek atzera egingo duenik.

Bitartekari lana egiteko saiakera egin du azken egunotan Egiptok, baina Israelengandik horretarako «beharrezko erantzunik» ez dutela jaso aitortu du Sameh Xoukry Atzerri ministroak. «Azken egunetan, Egipto Israelengana eta egoerarekin kezkatuta dauden beste zenbait herrialderengana hurbildu da, eskatuz esfortzuak biderkatzeko  Jerusalemgo egoera gehiago larriagotu ez dadin», azaldu du. Ez du zehaztu zein diren, Egiptorekin batera, diplomazia lanetan ibili diren beste herrialdeak.

Tentsioa «deseskalatzeko» saiakerak egiten ari dela ziurtatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak ere. Bi aldeei zuzendu zaie Antonio Guterres idazkari nagusia, eta eskatu die «berehala» eteteko erasoak. Israel nahiz haren aliatu AEBak haren parte izanik, gatazkan esku hartzeko gaitasun handia du NBEk, baina atzo izandako Segurtasun Kontseiluak agerian utzi zuen AEBek nazioarteko organismoan duen boterea, herrialde horrek oztopatu egin baitzuen Jerusalemen hasitako indarkeria olatua gaitzesteko adierazpen bateratu bat publiko egitea, inplizituki Israeli erasoak eteteko eskaria egitea esan nahiko bailuke adierazpen hori onartzeak.

Gaitzespena gaur egin du NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak, egunotako gatazkaren iturburura joz eta Israel ere erantzule eginez. «Israelek gehiegizko indarra erabili du manifestari palestinarren aurka, zeinak duela zenbait astetatik protestan ari diren okupatutako Jerusalem ekialdeko auzo batean hainbat familia etxegabetu nahi dituztelako».

Krisi politikoa itzalpera

Egoera baretzeko imintziorik ez du egin Israelek, ordea, eta bai, aldiz, kontrakoa. Jarduneko lehen ministroaren erabakiek zeresan handia dute oraindik ere gobernuan, eta Netanyahuk momentuz ez du horretarako asmorik adierazi. Are, egoera desegonkorra onuragarria zaiola eta bere alde erabiltzen ari dela ere egotzi dio zenbaitek. Izan ere, hilabeteak daramatzate Israelen gobernua osatu ezinda, eta, Netanyahuk azken saiakeran porrot egin ostean, eginbehar hori Yair Lapid Yesh Atid alderdiko buruari eman zion Reuven Rivlin presidenteak. Oposizioa bateratzeko saiakera egin nahi du Atidek, eta horrek agintetik ken lezake Netanyahu, 2009tik lehen ministro izan eta gero. Horretarako, baina, alderdi arabiarren sostengua ere beharrezkoa du Lapidek, eta egungo egoerak zaildu egin dezake hori.

Alderdi arabiar horietako bat da Balad, eta buruzagi eta parlamentuko diputatu Sami Abu Xehadehek atzo salatu zuen tentsioa handitzea ahalbidetu duela Netanyahuk, boterean mantendu ahal izateko. «Bizi duen krisi politikoari bizirauteko, kontrola ez galtzeko eta lehen ministro kargua ez galtzeko, edozer egiteko prest dago», esan dio Al-Jazeerari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.