EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Israelek ez du erretiratze planari buruzko erreferendumik egingo

Erretiratzeari aurre egingo diotela iragarri dute Zisjordaniako eta Gazako kolonoen buruzagiek

Erredakzioa
2005eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ariel Sharon Israelgo lehen ministroa berearekin atera da. Gazako erretiratze planari buruzko erreferendumik ez dela egingo erabaki zuen atzo Legebiltzarrak. Knesset edo Legebiltzarraosatzen duten 120 diputatuetatik 72k galdeketaren aurka bozkatu zuten, beste 39k alde eta hiru abstenitu egin ziren. Beste hiru, berriz, ez ziren bozketara joan. Galdeketa egitearen alde bozkatu zutenen artean Sharonen Likud alderdiko 13 diputatu zeuden.

Kolonoen ordezkariek bozketa atzeratzeko eskatu zioten Legebiltzarrari. Galdeketa zen erretiratzea oztopatzeko zuten bide bakarrenetariko bat.Ondorioz, Knessetean gehiengoa lortu arte bozketa atzeratzea zen euren helburua. Baina alferrik izan zen. Israelgo Legebiltzarreko Konstituzioarekin, Legearekin eta Justiziarekin lotutako Gaietarako Batzordeko buru Michael Eitanek ez zien horretarako biderik eman.Bestalde, Eitanen arabera, erreferendumerako proposamena ez dago Legebiltzarraren legediaren menpe. Diputatu batek bere kabuz lege proposamen bat aurkeztu eta Knessetek atzera botaz gero, gutxienez sei hilabeteko epea itxaron beharko du hark lege proposamena berriz aurkezteko. Kasu honetan, ordea, proposamena Konstituzio Batzordearena izan zen, eta beraz, ez dago legedi horren menpe. Era berean, erreferendumaren alde zeuden Likudeko diputatuen buru Uzi Landau Shas alderdiko buruzagi erlijiosoa konbentzitzen saiatu zen atzo goizean. Ovadia Josef errabinoak galdeketaren aurka bozkatzera deitu zituen alderdikideak, taldea beti egon delako erreferendumak egitearen aurka. Landauk eta bere jarraitzaileek Shasen eta Likudeko beste 30 diputaturen babesa behar zuten galdeketa egiteko.

Protestak eta mehatxuak

Shimon Peres Alderdi Laboristako buru eta Israelgo lehen ministrordeak kargua uztearekin mehatxatu zuen, Legebiltzarrak erreferenduma egitea onartuz gero. «Galdeketaren alde bozkatzea Gobernu koalizioaren aurkako eraso larria da».

Erretiratze planari aurre egingo diotela iragarri zuten atzo Zisjordania eta Gazako Kokaguneetako Kontseiluek. «Herritarren jarrerak erabakiko du gure etxeen etorkizuna», zioen erakundeak kaleratutako komunikatuak. Horretaz gain, gerra zibila ekiditeko bide bakarra geldiarazi izana leporatu zioten Sharoni.Azken asteetan 600 familia inguru joan dira Gazara hango kolonoei elkartasuna adierazteko eta erretiratze planaren aurka protestatzeko. Iturri ofizialen arabera, familiek Amidar higiezinen agentziaren etxeak okupatzen ari dira. Agentzia horrek Gobernuaren diru laguntzak jasotzen ditu. Hori dela eta Etxebizitza Ministerioak haiek handik ateratzeko agindu zuen atzo. Erretiratze planaren arabera, uztailean hasiko dira Gazako kokaguneak husten. Gauza bera egingo dute Zisjordaniako batzuekin ere.Kalkilia Palestinako Aginte Nazionalaren esku uztekoa zuten atzo, baina atzeratu egin zuten operazioa. Shaul Mofaz Israelgo Defentsa ministroaren esanetan, PANek ez ditu Jerikon eta Tulkaremen dauden talde armatuak desarmatu eta, hori egin ezean, Kalkiliak Tel Aviven menpe jarraituko du.

Bestalde, estatuaren aurrekontuak bozkatuko dituzte bihar Tel Aviven. Horiek onartuz gero, Sharonek ez du beste oztoporik gainditu beharko erretiratze planarekin aurrera egiteko. Baiezkoa ziurtatzeko, Shinuirekin akordioa hitzartu zuen lehen ministroak larunbat gauean. Oposizioko alderdiaren babesaren truke, 160 milioi dolarreko laguntza banatuko du Gobernuak unibertsitateen, kultur erakundeen eta lanean ari diren soldaduen artean.

PANen negoziazioak

Jihad Islamikoko ordezkariekin bildu zen atzo gauean PANeko buru Mahmud Abbas. Jihad Islamikoak eta Hamasek iragarri zuten asteburuan Palestina Askatzeko Erakundean sartzea aztertzen ari zirela, eta horri buruz hitz egin zuten bileran ere. Mohamed al Hindi Jihad Islamikoko buruzagietako baten arabera, datozen egunetan PAEko Batzorde Exekutiboko ordezkariekin bilduko dira bi erakundeak auzia eztabaidatzeko.

Horretaz gain, Israelgo soldaduak Jeninen sartu eta Jihad Islamikoko ustezko zortzi militante atxilotu zituzten. Kassam koheteen antzeko jaurtigaiak egiten saiatu izana eta Hamaseko ekintzaileekin harremanetan egotea leporatu zieten atxilotuei. Operazioan soldadu bat arin zauritu zuten. Era berean, Hebron eskualdean palestinar bat zauritu zuten soldaduek, banaketa hesitik gertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.