Gaur ekingo diete Israelek eta Palestinak bake elkarrizketei. Bart gauean, 26 preso palestinar askatu ditu Israelek, baina batean bale, eta bestean kale, kolonoentzat beste mila etxe baimendu baitzituen, aldi berean. Ez hori bakarrik, Gazatik Israelen lurraldera suziri bat iritsi zela esan du armadak, eta, horri erantzuteko, Gaza bonbardatu du Israelek, 26 preso palestinarrak askatu eta gutxira.
Peter Lerner armadako bozeramaileak adierazi du "munduko beste edozein lekutan" onartuko ez litzatekeen ekintza dela suziriak botatzea eta, alde horretatik, Israelgo indar armatuek horren aurka egingo dutela: "Israelgo zibilak salbatzen jarraituko dugu, baita Gazako zerrendako azpiegitura terrorista gudukatzen ere".
Hiru urtez egon dira etenda bake elkarrizketak, eta garai horretan Israelek koloniak eraikitzen jarraitu zuelako hautsi ziren negoziazioak. Al-Fatah alderdiaren barruan eztabaida handia eragin du Israelen "probokazioak", eta Tel Aviv negoziazioak boikotatu nahian dabilela esan dute PANeko negoziatzaileek. John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren ustez, berriz, kolonia berriak ez dira eragozpena bake elkarrizketentzat: "Neurri batean, espero genuen". Mahmud al-Zahar Hamaseko buruzagiak, baina, adierazi du "alferrikakoak" direla negoziazioak: "Abbasek ez dauka gure herria ordezkatzeko zilegitasunik".