Ekialde Hurbilean tentsioa ez da baretzen. Asteartean bi aldeek su-etena sinatu bazuten ere erasoek ez dute etenik. Atzo gauean Israelek Gaza bonbardatu zuen, berriz ere, baina oraingoan ez zuen inor hil erasoetan. Tel Aviven esanetan aurrez ekintzaile palestinarrek Israelgo lurretara eskuz egindako bi misil jaurti zituzten eta horregatik erabaki zuten Gaza bonbardatzea.
Misilak jaurtitzeko erabiltzen duten leku bat eta «terroristen tunel bat» izan dira Israelgo armadaren erasoaren jomuga. Armadaren esanetan, gainera, erasoak arrakastatsuak izan dira. «Indarrez erantzungo dugu Israelgo Estatuaren aurkako eraso terroristen aurrean», ohartarazi du armadak ohar bidez.
Iragan ostiralean IsraelekGazan Zuhair Qaisi Erresistentziarako Herri Batzordeetako buruzagia hil eta gero hasi ziren liskarrak eskualdean. Ordutik egin dituen bonbardaketetan 26 palestinar hil ditu Israelek. Ekintzaile palestinarrek, berriz, eskuz egindako 200 misil baino gehiago jaurti dituzte.
Bestalde, atzo Israelgo soldadu bati sastada eman zioten Jerusalemgo tranbian. Lekukoek erasotzailea palestinar bat izan dela kontatu dute, baina, Poliziak ez du informazio hori egiaztatu, honek ihes egitea lortu baitu. Soldadua ospitalera eraman dute, eta tranbia zerbitzua etetea erabaki dute ibilbidearen zati batzuetan hainbat orduz. Hirian kontrol guneak jarri ditu Poliziak, eta hainbat susmagarri atxilotu dituela jakinarazi du.
Akordioa atzeratzen
Bestalde, palestinarren arteko adiskidetze akordioa atzeratzen ari da. Hamasek ituna «aurki» iritsiko dela badio ere, alderdikide batek Maan berri agentziari kontatu dio ez direla Al-Fatahen bermeez fio. Zisjordanian Hamaseko kideak atxilotzen jarraitu izana kritikatzen dute Hamasetik. Erbestean den Khaled Maxal Hamaseko buruzagiak Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari denbora eskatu diola diote alderditik, Gazako Hamaseko buruak konbentzitzeko.
Israelek Gaza bonbardatu du, su-etena indarrean dagoen arren
Ekintzaile palestinarrek eskuz egindako bi misil jaurti dituzte; soldadu israeldar bat sastatu dute Jerusalemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu