Israelek Jihad Islamikoko ekintzaile bat hil zuen atzo Gazan «hilketa selektiboko eraso batean», Israelgo armadak azaldu duenez. Astelehenean su-etena iragarri zuen Hamasek, eta harrezkero Israelek egindako lehenengo erasoa da atzokoa. Ismail Zadi Ismail Asmar izena du hildako ekintzaileak, eta Al Kuds brigadako kidea zen, Israelgo armadaren arabera. «Armen kontrabandoan ibiltzen zen, eta Sinai inguruan jardun terrorista piztekotan zen».
Israelgo armadak airez bonbardatu zuen Ismail Asmarren ibilgailua Gaza hegoaldean, eta erasoan beste lagun bat ere zauritu zen. Horrez gain, Israelgo armadak beste eraso baten berri eman du prentsa ohar bidez. Bi ekintzaile palestinarrek Gaza iparraldetik Israelera eskuz egindako suziriak jaurti zituztela eta, ekintzaileen kontrako airezko bonbardaketa egin duela aitortu du armadak. Alabaina, ez dago argi bigarren eraso horrek biktimarik eragin ote duen.
Eten da barealdia
Israelen bi erasoek astelehen goizetik asteazkenera bitartean palestinarren eta armadaren artean izandako barealdia eten dute. Aurreko astean indarkeriaren goraldia izan zen, eta guztira hamabost palestinar eta israeldar bat hil ziren. Sarraskia gerarazteko, su-etena adostu zuten Hamasek eta Israelek, baina hiru egun baino ez du iraun.
Gazaren kontrako erasoek arrazoi jakin bat dutela salatu du Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak: «Herrialdea astintzen ari diren protesta sozioekonomikoen gaineko arreta galarazteko egin ditu Israelgo armadak Gazaren kontrako erasoak». Qatarren egin ditu adierazpenok Abbasek, Hamad Bin Jalifa al Tani emirrarekin bilera izan baitu palestinarrek irailean NBE Nazio Batuen Erakundean egingo duten proposamenaren inguruan. Horrez gain, egunotan Arabiar Ligako ministroen ordezkaritza bat NBEko Segurtasun Kontseiluarekin biltzekoa da Palestinako estatuaren gaineko bozketaz hitz egiteko.
Israelek Gaza bonbardatu eta Jihad Islamikoko ekintzaile bat hil du
Armadaren erasoek kolokan jarri dute iragan astelehenean Hamasek eta Israelek adostutako su-etena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu