Mundua

Israelek Gaza itxi du, giza laguntzaren pasabidea moztuz

Erez eta Kerem Shalomeko pasabideak itxi ditu; bertatik elikagaiak eta mediku laguntza behar duten pertsonak pasatzen dira.

2008ko urtarrilaren 18a
20:47
Entzun
Israelek Gaza itxi du gaur Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak (UNRWA) adierazi duenez. Ondorioz, milaka palestinarrek ezin izango dute giza laguntza jaso.

Bi pasabide moztu ditu Israelek: Erezkoa eta Kerem Shalomekoa; lehenengoa medikuen laguntza behar duten pertsonentzako pasabidea da, eta bigarrena, berriz, elikagaien banaketarakoa.

Erezko pasabidetik ere diplomatikoak, nazioarteko erakundeetako funtzionarioak eta kazetariak pasatzen dira.

Ehud Barak Israelgo bozeramaile militarrak adierazi duenez, Gazako pasabidea igandera arte egongo da itxita, baina luzatu ahal izango da “palestinarren erasoek jarraitzen duten bitartean”.

Beste lau hildako

Israelgo armadak palestinarrak hiltzen segitzen du: gaur, lau. Azken hildakoa 52 urteko emakume bat izan da. Israelgo armadak Palestinako Barne Ministerioaren egoitza bonbardeatu du. Emakumea hil eta beste 30 pertsona zauritu dira eraso horretan.

Gazan, bi lagun hiltzeaz gain, beste hiru zauritu ditu Israelgo armadak, airez eginiko erasoan. Palestinar batzuek koheteak bota dizkielako erantzun duela esan du Israelek.

Zisjordanian, berriz, sarekada egin du Balata iheslarien gunean, eta palestinar bat hil du.

Lehengo asteartetik dagoeneko 34 palestinar zendu dira israeldar soldaduen erasoen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.