Israelek hiru kolonia berri onartu ditu palestinarren lurretan

Haniyeh izendatu dute Gazako Hamaseko buru sekretupean egin dituzten hauteskunde batzuetan

Erredakzioa
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahuren gobernuak beste kolpe bat eman die palestinarrekin bake negoziazioak berriz hasteko mugimenduei, Zisjordanian hiru kolonia «legeztatuta». Nazioarteko legedia urratuta 1990eko hamarkadan sortutako Brujin, Rejelim eta Sansanako kolonietako biztanleen eskakizunak bete ditu: koloniak zabaltzeko euren egoera «legeztatzea» eskatzen zuten aspalditik. PAE Palestina Askatzeko Erakundeko negoziazio buruak gogor kritikatu du Tel Aviven erabakia, Israelek bakearen ordez kolonien aldeko hautua egin duela esanez.

«Erabakiak ez dakar egoera aldaketarik, ezta kokaleku berririk ere», esan du Netanyahuren bozeramaile Mark Reguevek. Aurretik ere hiru koloniak legezkoak zirela defendatu du, 1990eko hamarkadan orduko gobernuaren baimenarekin eraiki zituztela argudiatuz. Hori horrela, atzokoa lege prozesu baten amaiera besterik ez dela esan du Reguevek.

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak, berriz, duela astebete helarazitako eskutitzari emandako erantzuna dela esan du. Bake negoziazioetara itzultzeko baldintzak jakinarazi zizkion iragan astean Abbasek, eta, besteak beste, kolonia politika eteteko exijitu zion Netanyahuri berriz ere elkarrizketak abiarazteko.

Haniyeh, Gazako buru

Ismail Haniyeh izendatu dute Gazako Hamaseko buru sekretupean egin dituzten hauteskunde batzuetan. Botoen %85 eskuratu dituela jakinarazi dute. 2004tik dago karguan, Israelek haren aurreko Abdel Aziz al-Rantisi hil zuenetik. Bozek Gazako agintaritzan aldaketa txikiak eragin dituztela esan dute alderdi islamistakoek.

Bestalde, Al-Fatahek ukatu egin du Abbasen eta Salam Fayyad lehen ministroaren arteko krisia. Al-Quds-Al-Arabi egunkariak berriki argitaratu zuen bi agintarien arteko harremana kaltetuta zegoela, Fayyadek Netanyahuri Abbasen eskutitza emateari uko egin zionetik. Fayyaden ordez, Erekatek eman zion gutuna Israelgo lehen ministroari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.