Israelek iragarri du itzuli egingo diela atxikitako dirua palestinarrei

Unescok Palestina eskubide osoko kide gisa onartu zuenean jarritako zigorra kendu du Tel Avivek

2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Tel Aviveko gobernuak azaroaren 1ean hartutako erabakia bertan behera utzi du, eta PAN Palestinako Aginte Nazionalari egiten dizkion transferentziak egiten berriz hasiko dela erabaki du Israelgo Zortzien Forumak, hau da, Benjamin Netanyahu presidenteak eta zazpi ministro nagusiek. Izan ere, Palestina eskubide osoko estatu kide gisa onartzeko eskaera egin zuen PANek irailaren 23an NBE Nazio Batuen Erakundean, eta NBEko Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako erakundeak onartu egin zuen eskaria azaroaren 1ean.

Ondorioz, Israelek atxiki egin zituen palestinarren zerga eta aduanetatik urrian jasotako 100 milioi dolarreko diru laguntzak; orain, baina, Netanyahuk aditzera eman du PANek «alde bakarreko negoziazioak» baztertu dituela, NBEn ez duelako beste eskaerarik egin, eta bildutakoa itzuli eta atxikipena bertan behera utzi du. Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri gaietarako ministroak, baina, gogor kriti-katu du Netanyahuren eraba- kia: «Beldurrari amore eman dio».

1993ko Osloko bake hitzarmenean ezarri zituzten protokolo ekonomikoen ondorioz egiten ditu transferentziok Israelek. Hain zuzen, palestinarrei ezarritako zergetatik eta langile eta merkantzien aduanetatik bildutako funtsak PANi itzultzen dizkio Tel Avivek. Hark Zisjordanian eta Gazan dituen 170.000 funtzionario ingururen soldatak ordaintzeko erabiltzen ditu, aurrekontu osoaren %56 osatzen baitu Israelek emaniko kopuruak.

Tel Aviveko gobernuak askotan erabili izan du transferentzia PANi mehatxu egiteko: azken 11 urteetan hainbat aldiz eten du emaria. Oraingoan, baina, nazioarteak palestinarren auziaren inguruan hartutako erabakia zigortzeko neurria izan da etenaldia. Gainera, Al Fata eta Hamas alderdi palestinarren arteko akordioa ere arrazoi indartsua izan dela nabarmendu du Israelek. Lau urteko liskar eta ezadostasunen ostean batasun nazionaleko gobernua osatzeko hitzarmena sinatu zuten joan zen maiatzaren 4an bi alderdi palestinarrek, eta hauteskundeak datozen maiatzaren 4an egingo dituztela hitzeman dute.

Batasuneko gobernu palestinarra osatzeko akordioaren harira, Lievermanek uko egin dio Hamasekin batera osatutako gobernu palestinarrak diru hori erabiltzeko aukerari. Haren hitzetan, Hamas Osloko akordioa eta Israel estatua bera aintzat hartzearen aurka dago, eta ez dago prest alderdi horrek osatutako gobernu palestinarrarekin ezeren inguruan negoziatzeko.

«Ziur eta bakean»

Mahmud Abbas PANeko presidentea, bestalde, Tzipi Livni Israelgo oposizioko buruarekin bildu da. PANek NBEri eginiko eskaera defendatu du Abbasek: «Galdegitea ez da alde bakarreko urratsa izan, NBEk onartu egiten duelako erakundean sartzeko eskaera egitea», nabarmendu du alde bakarreko ekintzak egiteari buruz Israelek eginiko salaketaz. Halaber, Abbasek uste du Tel Avivek bertan behera utzi duen zigorra ez dela bidezkoa izan, «konfiskatu dizkiguten irabaziak palestinarronak direlako».

Hamasekin lortutako akordioari dagokionez, berriz, batasun nazionaleko gobernuaren bidez Palestina estatu «demokrati- ko eta plurala» izango dela aditzera eman du Abbasek. «Ez da erlijio eta arrazagatiko bereizkeriarik egingo, eta herritarrak seguru eta bakean biziko dira Israel eta gainerako herrialdeen alboan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.