Israelek koloniak egiteari utzi ezean negoziaziorik ez duela onartuko dio PANek

Mahmud Abbasek baldintzaren berri eman die AEBei, eta negoziatzaile bat bidali du Washingtonera

mikel rodriguez
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Mahmud Abbasek baieztatu du PAN Palestinako Aginte Nazionalak ez duela Israelekin negoziatuko, horrek Zisjordanian koloniak eraikitzeari uzten ez badio. AEB Ameriketako Estatu Batuek auzi horren inguruan Israel ez dutela gehiago estutuko adierazi dute aste honetan, eta erabaki horren arrazoia argitzearren, Washingtonera negoziatzaile bat bidali duela jakinarazi du Abbasek. Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroa ere AEBetan dago.

Abbas PANeko buruak agerraldia egin zuen atzo Kairon, Hosni Mubarak Egiptoko presidentearekin. «Kokapenek dirauten heinean, Palestinaren eta Egiptoren jarrera da negoziazioak ez onartzea», adierazi du Abbasek. Gainera, jakinarazi du AEBei baldintzaren berri eman diela dagoeneko. Iragarpen bat ere egin du PANeko buruak: «Palestinarren aldeak ez daki zer gertatu den zehazki Israelen eta AEBen arteko elkarrizketetan, baina bi egunen buruan jakinen du». Hain zuzen ere, Saeb Erekat negoziatzailea Washingtonera bidaliz, AEBen erabakiaren arrazoia jakitea espero du Abbasek. Hillary Clinton Estatu idazkariarekin, eta George Mitchell senatari eta AEBetako bitartekariarekin bilduko da Erekat -Mitchellek aurki bidaiatuko du Ekialde Hurbilera-.

Palestinako ordezkariez gain, Israelgoak ere AEBetan dira egun hauetan. Ehud Barak Defentsa ministroa ere Clintonekin bilduko da, negoziazioei berriz ekiteko aukerak aztertzeko. Horrez gain, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonekin bilduko da Barak. Banek, hain zuzen ere, bakerako errepide mapan bildutako «betebeharrak» ez betetzea egotzi dio Israeli, koloniak eraikitzen jarraitu duelako. Barakek eta Erekatek une berean bidaiatu duten arren, «ezkutuan» ez direla bilduko ziurtatu du, berriz, Abbasek.

Liga Arabiarraren bilkura

Larunbatean Liga Arabiarrak sustatutako Bake Ekimen Arabiarraren Jarraipenerako Batzordea bilduko da Kairon. Bertan bake elkarrizketetarako proposamen bat adostuko du batzordeak. Liga Arabiarrak egin dezakeen proposamena NBEra jotzea izan liteke, Palestinako estatuaren onarpena jasotzeko. Abbasek jakinarazi du, baina, erabakirik hartu baino lehen, PANeko zuzendaritzarekin bilduko dela. Latinoamerikako hainbat estatuk aste honetan hartu dute erabaki hori, eta jada ehundik goiti dira Palestinako estatua onartu duten herrialdeak. 1967ko mugak errespetatuko dituen estatua eratzeko jarreran, horien erabakia lagungarri izanen dutela adierazi du PANeko buruak. Bitartean, gatazkak bere horretan dirau. Israelek Gaza bonbardatu zuen atzo. Ez dago zaurituen berririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.