Israelgo armadak Zuhair Qaisi Erresistentziarako Herri Batzordeetako buruzagia eta Mahmud Hanani miliziano palestinarra eta preso ohia hil ditu. Lekukoen arabera, hildako biak autoan zihoazen, eta bi misil jaurti dizkie Israelgo armadak. Tel Avivek onartu du Qaisi hiltzea zela erasoaren helburua, eta adierazi du Gazako eta Israelgo mugan «atentatu handi bat» prestatzen ari zela. Hilketak haserrea eragin du, eta hainbat miliziano palestinarrek eskuz egindako misilak jaurti dituzte Gazatik Israelera mendeku gisa. Armadak airetik eraso egin die horiei ere, eta beste bi lagun hil ditu.
Lehen erasoan hirugarren lagun bat ere larri zauritu dutela jakinarazi dute Gazako larrialdietako zerbitzuek. Qaisi eta Hanani, berriz, erasoaren unean bertan hil dira. Hamasen gertuko Erresistentziarako Herri Batzordeko kideek esan dute buruzagiaren hilketa mendekatuko dutela. Lurrak dardara egingo duela esan dute, eta erakundearen adar armatuko buruzagi Abu Atayak liderraren hilketari erantzuteko agindua eman die taldekideei. 2.000. urtean, Al-Aksako Intifadan sortu zituzten Erresistentziarako Herri Batzordeak beste milizietatik banandutako milizianoek.
Batasun nazionala
Bestalde, Mahmud Zahhar Hamaseko buruzagietako batek Al-Fatahi bota dio palestinarren adiskidetze akordioa atzeratu izanaren errua. Al-Fatahek eta Israelek izan dituzten harremanak batasuna lortzeko oztopo izan direla kritikatu du. Herrialde arabiarretako matxinaden inguruko hitzaldi batean esan ditu hitz horiek Zahharrek. Era berean nabarmendu du «iraultzek Palestinaren auziari mesede» egingo diotela.
Palestinarrek une honetan barne zatiketak saihestu behar dituztela esan du, bestetik, Zahharrek, musulman sunitei eta xiitei erreferentzia eginez. Barne egonkortasuna bermatu behar dutela dio, eta horretarako agintari berriak behar dituztela adierazi du Hamaseko kideak.
Israelek lau miliziano palestinar hil ditu Gazan, aire erasoetan
Erresistentziarako Herri Batzordeak erakunde armatuko buruzagia hil dute; taldeak mendekua iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu