Mugitzeko, sartzeko eta irteteko muga zorrotzak ezartzen dizkie Israelek palestinarrei Gazan eta Zisjordanian, eta horrek lurralde palestinarretako ekonomiari kalte handia egiten diola ohartarazi du Munduko Bankuak. «Berrogei urteko okupazioaren ondorioz ekonomian distortsio handia gertatu da, eta Israelgo ekonomiarekiko dependentzia ia osoa dute». Atzo propio auziari buruzko txostena eman zuen argitara Munduko Bankuak.
Palestinarrek eredu ekonomiko «bideragarria» garatzeko, Israelek ezarritako mugak bertan behera uztea ezinbestekoa dela esan dute. Izan ere, lurralde palestinarretako industriak, berez, ezaugarri erakargarriak baditu ere --burokrazia arina eta ustelkeria gutxi-- , Israelek ezarritako mugek alde positibo horiek «ilundu» egiten dituztela ohartarazi dute, eta guztiz ezinezkoa bihurtzen dela merkatuko arauak bete eta egitasmo lehiakorrak martxan jartzea.
ALAN JOHNSTONEN INGURUAN EGONEZA . Duda handiak daude BBCko kazetari Alan Johnstonen inguruan; igandean Jihadaren eta Monoteismoaren Brigadak izeneko taldeak jakinarazi zuen hil egin zutela, baina inork ez du horrelakorik baieztatzerik izan.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro lehen ministro Ismail Haniak beraiek oraindik kazetaria «berehala askatzeko» lanean ari direla esan du, eta, ez duela informaziorik, ez haren heriotza ezeztatzeko, eta ezta baieztatzeko ere.
PANeko presidente Mahmud Abbasek bidaia bat hasiko du gaur hainbat herrialdetan barna, eta PANen aurkako blokeo ekonomikoa --2006tik jasaten ari dira-- bertan behera uzteko eskaria egingo du.
Lehen hitzordua gaur izango du Ammanen (Jordania), Maruf Bajit lehen ministroak egingo dio harrera. Segidan, Frantzia, Polonia, Suedia, Bulgaria, Grezia, Italia, Suitza eta Egiptoko agintari nagusienekin egingo ditu bilerak. Genevan (Suitza), halaber, NBE Nazio Batuen Erakundeko egoitzan harrera egingo diotela jakinarazi du. Bidaia apirilaren 28an amaituko du, berriro ere Ammanera itzuli eta Abdula II. erregeak harrera egiten dionean.
Bilerek arrakasta izan dezaketela dirudi; atzo bertan Txinak, Suitzak eta Errusiak PANi ezarritako boikota bertan behera utziko dutela jakinarazi zuten. Abbasek ahotan izango du bileretan, halaber, bake bidean zer urrats egiten ari diren. Izan ere, bilera egin zuen igandean Israelgo lehen ministro Ehud Olmertekin.
Bake bidean eragozpen izan daitekeen deia egin dute, ordea, Hamasek eta Al Fataren beso armatuak, Al Aksako Martiriek; israeldarrak bahitu eta horien trukean preso palestinarrak eskatzeko proposatu dute.
Israelek lurralde palestinarretako ekonomia guztiz ahuldu duela dio Munduko Bankuak
Kezka iturri da BBCko kazetari Alan Johnston; hil egin dutela dio talde batek, baina inork ez du baieztatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu