Ekialde Hurbila

"Israelek odol hotzean hil zuen nire semea"

Palestinako Bigarren Intifadaren sinbolo bihurtu zen haurraren aitak nazioarteko ikerketa eskatu du, Israelgo Gobernuak ukatu egin baitu armadaren tiroen ondorioz hil zela Mohamed al-Dura. Charles Enderlinek Frantziako TF2 katearentzat editatutakoa da bideo hau. [YouTube]http://youtu.be/7GWrVREoGUU[/YouTube]

Samara Velte.
2013ko maiatzaren 20a
18:46
Entzun

2000ko irailaren 30a zen, Palestinako Bigarren Intifadaren lehen eguna. Gazako Netzarim koloniako igarobidean, Israelgo armadaren eta palestinar militanteen arteko tiroketa batean harrapatuta gelditu ziren Jamal al-Dura eta Mohamed, haren 12 urteko semea. Balak alde batetik eta bestetik zetozela ikusita, horma baten aurka babesten saiatu ziren, baina alferrik erregutu zioten armadari tiro ez egiteko: haurra lekuan bertan hil zen, eta aita larri zaurituta utzi zuten. Frantziako TF2 katearentzat lan egiten zuen kameralari palestinar batek aurpegia eta izena jarri zizkion Bigarren Intifadaren sinbolo bihurtuko zenari: ordu gutxiren buruan, irudi lazgarriek bira eman zioten munduari.

Israelgo Gobernuak bere gain hartu zuen hasieran ardura, baina ez luzerako: aurki hasi zen irudion egiazkotasuna zalantzan jartzen. Iragan en asteburuan, txosten ofizial batek ukatu egin du al-Dura aita-semeak tirokatu zituztenik ere: telebista katearen material gordinean, umea bizirik agertzen da tiroketaren osteko hartzeetan, gobernuaren arabera.

Jamal al-Durak nekatuta erantzun du: "Urtero beste kontakizun batekin agertzen zaigu gobernua". Ez dio baliorik aitortu txosten ofizialari, "erabat eraikia" delako: "Israelek odol hotzean hil zuen nire semea". Dena den, auzia behin betiko argitzeko prest agertu da, baldintza batekin: "Lehenbizi, Israelek nazioarteko ikerketa bat egitea onartu behar du, eta gero hitz egin dezakegu hilobia zabaltzeaz". Tel Avivek baldintza horri "beldurra" diola nabarmendu du.

TF2k ere babesa eskaini dio: nazioarteak behatutako ikerketa bati ekinez gero, telebista kateak lagunduko lukeela gorpua ateratzen eta beharrezko frogak egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.