Orain arte hesiak 1949ko Lerro Berdea1948ko gerra bukatzeko armistizioan Israelen eta Jordaniaren menpeko lurrak banatzeko finkatua hainbat eremutan gainditua bazuen, palestinarrei lur gehiago ebatsiz eta zenbait herri eta hiri ia erabat inguratuz, Jerusalemgo ekialdean Tel Avivek egin nahi duen hedapenak are lur gehiago kenduko dizkie. Anata eta Hizme herriak ere barne hartuko ditu.Jerusalem inguruan, oraingoz Ramalatik hegoaldeko lurretan eta Belendik iparraldekoetan eraiki du hesia Israelek. Zati berriak aurreko biak lotuko ditu. Ondorioz, Ekialdeko Jerusalemgo zein inguruko herrixketako ehunka mila palestinar Zisjordaniatik bananduta geratuko dira. Nolanahi ere, Defentsa Ministerioko buruzagi eta funtzionario guztiak ez datoz bat planarekin; ezadostasuna hesiak bilduko lituzkeen lurraldeen hedadurari dagozkio batik bat.Herenegun munduko hainbat hiritan baita Euskal Herrian ere protestak eta manifestazioak egin zituzten banaketa hesiaren kontra. Jerusalemen ISM Nazioarteko Elkartasun Mugimenduko hainbat kidek ekintzaile israeldar eta palestinarrekin bat egin zuten protestetan. Israelgo Poliziak tiroz eta ke poteak jaurtiz sakabanatu zituen.PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Ahmed Kureiak joan den larunbatean esan zuen Israel lanean ari dela Jerusalem hiria palestinarrekiko negoziazioetatik kanpo uzteko: «Israel saiatzen ari da Jerusalem negoziazioetatik ateratzen; horretarako hiria hesiz inguratzen du, eta horren bidez kokagune juduak hiriarekin lotzen ditu. Hesiak hiru kantoitan urratzen du Zisjordania».Atzo Europako Batzordeak kezka azaldu zuen Banaketa Hesiaren egungo zein aurreikusitako hedaduragatik. Bruselak dio hesiaren eraikuntza ez dela israeldarren segurtasuna bermatzeko aterabiderik egokiena.Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariorde Richard Armitagek atzo Kairon (Egipto) palestinarrei eta israeldarrei dei egin zien bake prozesua berpizteko «erabateko elkarlana» gauzatzeko.Bitartean, Ahmed Kureiak herenegun 24 ministroz osatutako gobernua osatu zuen, orain arteko behin-behinekoa ordezkatzeko. Bihar aurkeztuko du.
Preso trukaketa
Libanoko Hezbola alderdiko buru Hassan Nasralak atzo esan zuen bere taldeak Israelekin negoziatu duen presoen trukean Israelek preso dituen libanoar guztiak askatu behar dituela.
Asteburuan Israelgo kabineteko ministroek Gobernuak trukea egitea 20 bat libanoar eta 400 bat palestinar askatzea, Israelgo koronel baten eta hiru soldadu israeldarren gorpuen truke onartu zuten, ez, ordea, israeldarrak hiltzeagatik preso daudenak askatzea.
-
PROTESTA EKINTZA
Karitate erakundeak ixteagatik, PANen bulegoa harrikatu dute
Dozenaka emakume palestinarrek PAN Palestinako Aginte Nazionalak Gaza hirian duen bulegoaren kontra harriak jaurti zituzten atzo, hark zenbait karitate erakunde ixteagatik haserre. Erakundeak talde islamistekin lotura dute, hala nola Jihad Islamikoarekin eta Hamasekin. Bulegoak udan itxi zituen PANek, Hamaseko adar armatuak Jerusalemen eraso suizida bat egin ondoren AEBek bereziki egindako presioaren ondorioz.
Emakumeek diote itxitako erakundeen beharra dutela, Israelen okupazioak, blokeoek eta erasoek, besteak beste, langabezia eta gosea areagotu baitituzte, eta, ondorioz, elikagaiak lortzeko zailtasunak ere. PAN ez da gai politika sozial bat finantzatzeko, eta Gazako herritarren %60 baino gehiago pobrezian eta langabezian bizi dira gaur egun. Iturri palestinarren arabera, ez da lehen aldia emakumeek PANen bulegoari harrika oldartzen zaiela.