Israelek PANeko Parlamentuko presidenteordea atxilotu du

NBEko Segurtasun Kontseiluaren premiazko batzarra antolatzeko eskatu du Mahmud Abbasek

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Palestinaren eta Israelen arteko zuzeneko negoziazio prozesuari oztopo bat gehiago jarri dio Benjamin Netanyahuren gobernuak. Soldadu israeldarrek Mahmud al Ramahi PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Parlamentuko presidenteordea eta Hamaseko diputatua atxilotu zuten atzo goizean Zisjordaniako Ramala hirian.

Israelek joan den martxoan utzi zuen aske Ramahi, 32 hilabetean espetxean egon ostean. Oraindik ere Gazan jarraitzen duen Gilad Shalit soldadu israeldarra 2006an bahitu izana leporatuta espetxeratu zuten ordukoan Ramahi, beste hamarnaka palestinarrekin batera. Oraingoan ez dute atxiloketaren arrazoirik eman. Atzoko espetxeratzea «Israelen krimen berri bat» dela adierazi du Hamasek, eta argi utzi du ez dutela amore emango era horretako neurrien ondorioz. Izan ere, 1.000 preso palestinar askatzeko eskatzen du Hamasek Shalit libre uztearen truke.

Negoziazioa kolokan

Jerusalem ekialdean kolonia judu gehiago eraikitzeko Israelgo gobernuak astelehenean onartutako plana da negoziazioa bertan behera geratzeko mehatxurik handiena. Berez, palestinarrak dira Har Homa eta Ramot auzoak, eta 1.300 etxebitiza eraikiko dituzte haietan. Halaber, enpresari israeldar batek beste 800 etxebitzia eraikiko ditu Zisjordaniako Ariel kolonian, lur pribatuak direla-eta Defentsa Ministerioaren baimenik ez duela behar aprobetxatuz.

Mahmud Abbas PANeko presidenteak behin eta berriz esan du: «Ez da negoziaziorik egongo, kolonietan eraikitzen jarraitzen duten bitartean». Hala, Segurtasun Kontseiluaren premiazko batzarra antolatzeko eskatu zion atzo NBEko bere ordezkariari, Jerusalem Ekialdeko eta Zisjordaniako kolonien azken zabaltzeari buruz eztabaidatzeko. Benjamin Netanyahu presidente israeldarrak, berriz, ez du harremanik ikusten bake prozesuaren eta Jerusalemeko eraikuntzaren artean.

Abu Rudaina PANeko bozeramaileak salatu du Jerusalemen zein Palestinako beste edozein lurraldetan egindako edozein eraikuntza legez kanpokoa dela. «Nazioarteko lege ebazpenek kolonizazioa debekatzen dute», azpimarratu du. Horrez gain, Rudainak Israeli eta AEBei gogorarazi die azaroaren 22a bitartean okupatutako lurretan eraikitzeari uzten ez badiote -Jerusalem ekialdeko lurrak barne- Abbasek erabaki dezakeela Palestinaren auziaren konponbidea NBEren esku uztea. Egun horretan bukatuko da Arabiar Ligak Washingtoni negozioazioa bideratzeko emandako epea. Osterantzean, bakerako negoziaketa ofizialki etentzat emango du Arabiar Ligak.

Nazioartearen etsipena

Nazioarteak «etsipen handiz» hartu du Israelen azken erabakia.Neurri hori bake prozesuarentzat ez dela lagungarria izango adierazi zuen Barack Obama presidenteak. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak ostera esperantzari eutsi zion atzo. «Oraindik ere israeldarren eta palestinarren arteko bake akordioa posiblea eta beharrezkoa da». Bere gobernuak PANi emango dion diru laguntza baten berri ere eman zuen Clintonek: 150 milioi dolar, aurrekontua orekatu eta etorkizuneko palestinar estatuaren bideragarritasuna bermatzeko.

Europako Batasunetik ere kritikak jaso ditu Netanyahuren gobernuak Catherine Ashton EBko diplomazia zuzendariaren ahotik. Koloniak zabaltzeko plana berriz pentsatzeko eskatu dio Israeli Ashtonek.

Barack Obamak bultzatuta abiatu zen israeldarren eta palestinarren arteko zuzeneko negoziazioa joan den irailaren 2an, bi urtez etenda egon ostean. Hala ere, irailaren 26an kolonietan eraikitzeko debekua amaitu zenetik bertan behera geratu da bakerako elkarrizketa. Kolonien zabaltzea da, hain zuzen ere, elkarrizketarako oztopo nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.