Preso palestinarrek kartzeletan jasaten duten bakartze politika etengo du Israelek. Halaxe iragarri du Kadura Fares Preso Palestinarren Elkarteko buruak. 2.500 preso palestinar inguruk hogei egun daramatzate gose greban, baldintza gizagabeak dituztela salatzeko. Tel Aviven erabakia «seinale ona» dela esan du Faresek, baina ez du argitu gose greban eragingo duen ala ez. Dena dela, Israelgo Gobernuak salbuespena egingo du Ezzedin Al Kassam Brigadetako hiru presorekin: Abdula Barghuti, Ibrahim Hamed eta Mahmud Issari bakartze politika ezarriko die. Gatazka konpontzeko «esperantza» agertu du Faresek, baina hiru salbuespen horiek presoen gaineko elkarrizketa oztopa dezaketela ohartarazi du.
Hain zuzen ere, presoen egoeraz hitz egiteko bildu ziren atzo Kairon Nabil al Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusia eta Issa Karake PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Espetxe Gaietarako ministroa. Arabiar Ligak preso palestinarren estatus legala aztertzeko eskaria egin dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiari, eta hark eskaera Nazioarteko Zigor Auzitegira bidaltzea espero du. «Eskaera Hagara hurbiltzeko estrategia bat da, han nazioarteko lege humanitarioen eta Genevako Konbentzioaren arabera presoek duten estatus legala zein den argitu dezaten», azaldu du Karakek. Al Arabik, berriz, herrialde arabiar gisa, «munduari ardurak bere gain hartzea» gogorarazi behar diotela nabarmendu du. «Herrialde guztiek diote giza eskubideak errespetatzen dituztela, baina hori frogatu egin behar da».
Hiru israeldarretik bi, alde
Bestalde, Israelgo Gobernuaren eta Hamasen arteko preso trukearen inguruan, derrigorrean erbesteratu beharko dituzten presoak Turkiak hartuko dituela iragarri du Hurriyet egunkari turkiarrak. Tel Avivek 450 preso palestinar askatuko ditu etzi —aurrerago beste 577 preso askatuko ditu—, Hamasek Gilad Shalit soldadu israeldarra askatzearen truk. Horietatik 200 preso, ordea, derrigorrean erbesteratu beharko dira: 163 Gazan geratuko dira, handik ateratzeko aukera barik, eta beste 40 presok atzerrira jo beharko dute. Horiexek hartuko ditu, hain justu, Ankarak.
Dena dela, datorren asteartekoa Israelen eta Hamasen akordioaren lehen fasea baino ez da izango, eta bigarrena bi hilabete barru gauzatuko dutela baieztatu du agiri baten bidez Izzat al Rishik Hamaseko Batzorde Eragileko kideak. Azaldu duenez, Benjamin Netanyahuren gobernuak «batez ere ekintza abertzaleak egiteagatik espetxeratutako presoak askatuko ditu, ez horrenbeste ekintza kriminalengatik atxilotutakoak». Israeldarren %69 presoen trukearen alde daude, Israelgo Chanel 10 telebista kateak egindako inkestaren arabera.
Bitartean, EHB Erresistentziarako Herri Batzordeek esan dute Gilad Shalit askatu arren ez dutela argituko nola bahitu zuten soldadu israeldarra 2006ko ekainaren 25ean. Al Fatako, Hamaseko eta Jihad Islamikoko kide ohiek eta Al Aksaren Brigadek osatutako koalizioa da EHB. Islail Raduan Hamaseko buruak argitu du Hamasek inoiz ez duela jakin non eduki duten gordeta Shalit, eta informazio hori argitzea soilik EHBren esku dagoela.
Oraindik ere, itunaren xehetasunak lotzen ari dira Israel eta Hamas; Kairon bildu ziren atzo. «Palestinarrek hitzartutako egutegia betetzea espero dugu, eta Shalit asteartean etxean izatea», esan du David Meiden Israelen negoziazio arduradunak. Era berean, baieztatu du asteartean hasiko direla 450 presoak askatzen.
Koloniek ez dute etenik
Egunotan garrantzi berezia hartu du presoen auziak Israelen eta palestinarren arteko gatazkan, baina bada aterabidea oztopatzen duen beste arazo bat: Tel Aviven kolonien politika. Asteon lekuko agintaritzek Jerusalem ekialdean 2.600 etxebizitza eraikitzeko plan bat onartu dutela salatu du Bakea Orain gobernuz kanpoko erakunde palestinarrak.
1967az geroztik okupatutako lurraldeetan kolonia judu gehiago eraikitzeko planak «onartezinak» direla esan du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, «batez ere israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioei ekiteko ahaleginean ari garen bitartean erabaki dituztelako eta probokaziorik ez egiteko Laukotearen eskaria urratzen duelako».
Israelek presoak bakartzeko politika etengo du kartzeletan
Arabiar Ligak Israelgo kartzeletan dauden preso palestinarren estatus legala aztertzeko eskatu dio NBEko Batzar NagusiariTurkiak hartuko ditu derrigorrean erbesteratu beharreko preso palestinarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu