ekialde HURBILA

Israelek Sirian egindako erasoan bere komandanteetako bat hil duela baieztatu du Hezbollahek

Helikoptero batetik konboi bonbardatu eta sei lagun hil dituela jakinarazi du.

2015eko urtarrilaren 19a
11:49
Entzun

Erasoa atzo gertatu zen, Golanen Siriako aldean. Israelek konboi bati eraso zion, eta sei lagun hil ditu. Libanoko Al Manar telebistak jakinarazi du Hezbollahek baieztatu duela bere komandanteetako bat hil dutela: Jihad Mugnijah. Komandante hori Hezbollaheko buru historiko baten semea da, Imad Mugnijah, eta hori 2008an hil zuen Israelek, Damaskon.

Israelgo prentsak dio, segurtasun indarretako iturriak aipatuz, herrialde horren kontrako eraso bat ari zirela prestatzen hildakoak. Quneitran izan da erasoa; Siriako gerran parte hartzen ari direnentzako herri estrategikoa da hori. 

Israelek lehenagotik ere jo izan du Sirian Hezbollahen aurka, baina erasoak ukatu egin izan ditu. Omran al Zubi Siriako Informazio ministroak esan du atzoko bonbardaketak frogatzen duela Israelek Siriako "talde terroristak" babesten dituela. Zehazki, Al Nusra Al-Qaedaren adarrari babesa ematea leporatu dio.

Al Zubik gaineratu du Al Nusraren bitartez bi herrialdeen arteko muga blokeatu nahi duela Israelek, eta Benjamin Netanyahu Parisko atentatuen kontrako manifestazioan egotea kritikau du, "Gazan, Jerusalemen, Libanon eta Sirian terroristak babesten dituen bitartean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.