Gaur goizean utzi ditu Israelgo Gobernuak libre 255 palestinar preso, aurreko egunetan agindu zuen bezala. Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) esku utzi ditu, eta presoak zeramatzan lehen autobusa Ramalara iritsi berri da.
Al Fata taldekoak dira gaur aske utzi dituzten kideak. Hamaseko inor ez dago.
Israelgo Atzerri ministro Tzipi Livni eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen larrialdiko gobernuko lehen ministro Salam Fajad lehen aldiz bildu ziren duela egun batzuk Jerusalemen, bi gobernuen arteko elkarlanaren nondik norakoak zehazteko. Epe motzean nahiz luzean elkarlana jorratzea da ekimenaren helburua, eta, bidenabar, palestinarrek hautatutako alderdia, Hamas, baztertzea, baita honen gobernua ere. Ildo horretan doa Al Fatako 255 preso politiko askatzeko Israelgo Gobernuak hartutako erabakia.
PANeko presidente Mahmud Abbas -2005ean hautatua-, Al Fata alderdiko burua da, eta bere mugimenduko presoen askapena harentzako garaipen bezala ikustea nahi dute hala Al Fatak nola Tel Avivek. Hamasek eta Jihad Islamikoak gogor kritikatu dute Hamaseko presoak askatu ez izana.
Hamas eta Al Fata Palestinako taldeek borroka gogorrak izan dituzte aurreko asteetan Gazan, eta Abbasek Hamaseko kideak kanporatu egin zituen batasun gobernutik. Hamasek irabazi zituen azken hauteskundeak.
"Abbas: "Hasiera da hau"
Abbasek harrera egin die Ramalan "askatasunaren aldeko borrokalariei", eta "hau hasiera" dela esan du. "Guztien askatasuna lortu arte lanean segituko dugu".
Israelgo kartzeletan 11.000 palestinar preso daudela gogoratu du. "Guztiak dira garrantzitsuak. Gehiago etorriko dira".
MunDUA
Israelek utzi ditu libre 255 palestinar preso
Duela egun batzuk iragarri zuen erabakia. Al Fatako kideak dira denak eta Hamasek kritikatu egin du bere presorik askatu ez izana. Al Fatak bere kideen askapena garaipen bezala ikustea nahi du, eta Israelek lagundu egin nahi dio bide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu