Israelek Zisjordaniarako eginiko bake proposamena baztertu du PANek

Zisjordaniaren %93 PANen esku eta kokagune nagusiak Israelen menpe uztea proposatu du Olmertek

2008ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Gazan eta Zisjordaniaren zati handi baten gainean estatu palestinarra eratzeko proposamena egin dio Israelek PAN Palestinako Aginte Nazionalari. Hareetz Israelgo egunkariak eman du argitara Ehud Olmerten gobernuak egindako bake proposamena. Israelek formalki aurkeztu ez badu ere, PANek dagoeneko halakorik ez duela onartuko ziurtatu du. Iturri ez-ofizialen arabera, Israel Zisjordaniaren %93 itzultzeko prest dago; Tel Avivek, ordea, kokagune nagusiak -Maale Adumin eta Gush Etzion, besteak beste- eta Jerusalem inguratzen duten gainontzeko kokaguneak menpean mantenduko ditu.

Itzuli gabeko Zisjordaniako lur eremuaren truke Negev basamortuko hainbat lur emateko prest agertu da Ehud Olmert Israelgo lehen ministroa. Lur horiei esker, Zisjordania eta Gazaren artean pasabide askea eratuko litzateke. Aitzitik, Zisjordaniako lurren gaineko subiranotasuna eskuratzeko, Gaza kontrolpean hartzeko baldintza ezarri dio PANi. Gaza, baina, Hamasen esku dago iazko ekainetik.

Jerusalemgo etorkizuna

«Onartezina da nazioarteko zilegitasuna, palestinarra eta arabiarra gezurtatzen dituelako», adierazi du Mahmud Abbas PANeko presidentearen bozeramaile Nabil Abu Rudeinak. Banatu gabeko lurrak eta kokagunerik gabekoak baino ez dituztela onartuko azaldu du Rudeinak. Estatu palestinarraren mugak, berriz, 1967ko Sei Eguneko Gerra baino lehen indarrean zeuden horiek berak izan beharko dute.

«Ezin dizkigute agindu Negeveko basamortu lurrak Jerusalem zati baten truke». PAE Palestina Askatzeko Erakundeak Israelen proposamena gaitzetsi du. Gainera, akordiorik sinatuko badute, horrek Jerusalemgo auziari ere irtenbidea eman beharko diola nabarmendu dute euren buruak identifikatu ez dituztenPAEko kideek. Alabaina, Israelek ez du egindako bake proposamenean Jerusalemgo gaia jorratu. Hurrengo negoziazio saioetan gaia aztertzeko konpromisoa baino ez du aipatzen Hareetz-ek argitara emandako dokumentuak.

Palestinak etorkizuneko estatu palestinarraren hiriburua Jerusalemgo ekialdean ezarri nahi du. Ehud Olmert lehen ministroa, ordea, horren inguruko eztabaida ahalik eta gehien atzeratzeko ahaleginetan ari da; izan ere, Jerusalem negoziazio mahai gainean jarriz gero, Shas alderdia koalizio gobernutik aterako den beldur da Olmert.

Errefuxiatuak eta armada

Proposamenak ez die errefuxiatuei jaioterrira itzultzeko eskubidea bermatzen. Palestinako estatura baino ezingo dute itzuli, hortaz, ihes egindako palestinarrek. Salbuespen bakarra familia batzeko helburuz Israelera sartu nahi duten errefuxiatuena da.

Segurtasunari dagokionez, berriz, Palestinako estatua desmilitarizatua eta armadarik gabea izan behar duela dio Olmertek egindako proposamenak. Palestinarrek, baina, beren burua defendatzeko gai izango den segurtasun indarren eratzea aldarrikatzen du.

Iragan azaroan egindako Annapolisko konferentziatik (AEB Ameriketako Estatu Batuak) bake akordioa lortzeko negoziazio lanetan ari dira Olmert eta Abbas. Alabaina, Israelek bere eskaerak aintzat hartzen ez dituela ikusita, estatu palestinarra eratzeko proiektua bera kolokan dagoela onartu zuen herenegun Ahmed Kureia negoziazioetarako PANeko ordezkariak. Bi estatu sortzeko asmoak alboratu eta bi nazioko estatu bakarra sortzea eskatu dezaketela ohartarazi zuen, hala.



Onartezina da nazioarteko zilegitasuna, palestinarra eta arabiarra gezurtatzen dituelako»

nabil abu rudeina
Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen bozeramaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.