Israelekin «bidezko bake globala» eskatu zuen atzo Siriako presidente Bashar al Assadek. Alabaina, ez zuen argitu asteartean Annapolisen (AEB) hasiko den Ekialde Hurbilaren gaineko konferentziara agertuko den edo ez. Siriako Gobernua itxoiten ari zen AEBetako Gobernuak azaltzea ea berak antolatutako konferentzian azkenean sartuko duen edo ez Golango Gainaren auzia. Damaskoren iritziz, ezinbestekoa da Israelek 1967an okupatu zion eremuaren itzulera eztabaidatzea bilkuran.
«Beharrezkoa da nazioarteko ebazpen zilegiak indarrean jartzea, okupatutako lurralde arabiar guztiak beren jatorrizko nagusiei itzultzea bermatuko duen bidezko bake globala lortzeko», zioen Siriako presidentetzak kaleratutako agiriak, Damaskok nahi duen konponbideari erreferentzia eginda. Bilerara agertuko den edo ez galdetuta, Atzerri Ministerioko eledun Bushra Kanafanik esan zuen Washingtonen baieztapena -Golango Gaina agendan sartzeari dagokionez- jasotzean iragarriko dutela beren parte-hartzea.
Etzi munduko 40 estatu nahiz lurraldetako agintari eta ordezkariak -Israelgoak eta Al Fataren esku dagoen PANeko Gobernuaren zatiarenak barne- bilduko dira Annapolisen. Zazpi urte geldirik dagoen israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesua biziberritzea du helburuetako bat. Siria, Libano eta Irakeko auziak ere jorratuko dituzte.
Israelgo presidente Shimon Peresen esanetan, oso garrantzitsua da estatu arabiarren parte-hartzea. Bestalde, Israelgo armadak bi anaia palestinar hil zituen atzo Gazako iparraldean.
Israelekiko bakea eskatu du Siriak, baina ez du argitu Annapolisera doan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu