Hamabost hilabete hitzik egin gabe egon eta gero, bilera bat egingo dute bihar Ammanen PAE Palestina Askatzeko Erakundeak eta Israelek. Saeb Erekat izango da palestinarren ordezkaria eta Itzjak Moljo israeldarrena. 2010eko irailean eten zituzten elkarrizketak, Israelek lurralde palestinarretan etxebizitzarik ez eraikitzeko epea luzatu ez zuelako. Jordaniaren eta Ekialde Hurbilerako Laukotearen —AEB, EB Europako Batasuna, NBE Nazio Batuen Erakundea eta Errusia— bitartekaritzarekin egingo dute bilera, negoziazioei berrekiteko «giro egokia» sortzeko. Hamasek, ordea, ez du begi onez ikusi erabakia, eta bilerara ez joateko eskatu dio PAEri.
Eskerrak flotillari
«Berriz ere azken urteotan porrot egin duten bitartekoak erabiltzea da», esan du Sami Abu Zuhrik, Hamaseko eledunak. Laukotearen ekinbideei jaramonik ez egiteko eskatu dio PAEri, «erakunde hori AEBek kontrolatzen dutelako, eta palestinarren interesak babestu beharrean okupazioarenak asetzen dituelako». Erekatek, bere aldetik, Israeli jarriko dizkion baldintzak argitu ditu: eraikuntza etetea lurralde okupatuetan eta 1967ko mugen barruko Palestinako Estatu independentea onartzea.
Bitartean, nazioarteko bidaiarekin segitzen du Ismail Haniyeh Gazako gobernuburu eta Hamaseko liderrak. Turkian dagoela aprobetxatuz, egindako sakrifizioa eskertu die 2010eko flotillako bederatzi «martiriei».
Israelekin bilerarik ez egiteko eskatu dio Hamasek PAEri
Lurralde palestinarretan eraikuntzak eteteko eskatuko dio Saeb Erekatek baldintza gisa Israeleko ordezkariari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu