Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Israelekin hitz egitea alferrekoa dela esan du Mahmud Abbasek

Orain arteko elkarrizketak «emankorrak» izan direla dio Laukoteak, baina oraingoz ez dute lortu palestinarrek atzera egiterikEuropako Batasunak oraindik ez du argitu zein jarrera hartuko duen NBEko bozketan

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«New Yorken nagoen bitartean prest nago Israelgo edozein funtzionariorekin bilera egiteko», esan du Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bilera eskariari erantzunez. Hori bai, argi utzi dio bilerak ez lukeela fruitu askorik emango. «Netanyahu eta bion arteko balizko bilerak ez luke ezertarako balio izango, ez daukalako mahai gainean jartzeko moduko proposamen sendorik». Abbasen ustez, ez dago negoziaziorako aukerarik, «AEBetako administrazioek, Barack Obamarena barne, ez dutelako Tel Aviveko lehen ministroa negoziazio mahaira eramateko adina lan egin».

Washingtonen, Israelen eta, oro har, Ekialde Hurbilerako Laukotearen lehentasuna —AEB, EB, Errusia eta NBE—, ordea, palestinarrak bi aldeko negoziazioetara behartzea da. Laukotearen arabera, azken egunetako elkarrizketak «emankorrak» izan dira. Halere, oraindik ez dute itunik lortu, eta, Netanyahuk esan duenez, «itsumustuan egindako akordio batek suziri gehiago ekarriko lituzke Israelera». PAN, berriz, ez da itzuliko negoziazioetara NBEko estatu kide izan arte. «Barack Obamak estatu bat agindu zidan 2011ko irailerako. Bere hitza betetzea espero dut», esan zuen atzo Abbasek AEBetako FOX telebista katean.

Obamak iragarria du palestinarren ekimena NBEko Segurtasun Kontseilura iritsiz gero beto eskubidea erabiliko duela; halere, oraindik esperantza hari bat badute PANeko agintariek. Segurtasun Kontseiluan beharrezkoa den gehiengoa lortzeko bi estatu kideren babesa lortzea baino ez dutela falta adierazi berri du Riad Maliki PANeko Atzerri ministroak. Hamabost estatuk osatzen dute kontseilua, eta horietatik bederatzik babestu behar dute proposamena, aurrera egin behar badu. Gainera, ezinbestekoa da beto eskubidea duten bost estatuek ere —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak eta Errusiak— alde bozkatzea.

«Bi boto falta zaizkigu bederatzira iristeko, eta bederatzi boto horiek izateak bidea itxi diezaieke AEBei», Malikiren ustez. Txinak, esaterako, palestinarren alde bozkatuko duela baieztatu du. «Palestinak legezko eskubidea du estatua izateko, eta ezinbesteko baldintza da israeldarren eta palestinarren artean elkarbizitza baketsua izateko», esan du Hong Lei Txinako Atzerri ministroaren bozeramaileak.

Historiarako hitzaldia

Bestalde, Europako Batasunak oraindik ez du argitu zein jarrera hartuko duen Mahmud Abbasen eskariaren inguruan. Atzo bilera egin zuten 27 estatu kideetako Atzerri ministroek New Yorken, Palestinako estatuaren inguruko jarrerak bateratzeko asmoz. Oraingoz, puntu bakar batean baino ez daude guztiak ados, Israelen eta PANen arteko elkarrizketek berehala hasi behar dutela uste dute denek.

NBEko bozketan egin beharrekoaren gainean, ordea, zatituta daude. Alemania, Italia, Txekia, eta Herbehereak palestinarren ekimenaren kontra daude; Belgika, Espainia, Portugal eta Suedia, aldiz, alde; Erresuma Batuak eta Frantziak, berriz, oraindik ez dute argitu euren jarrera. Azken erabakia hartu bitartean, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteaAbbasekin bildu zen atzo, eta gauza bera egin zuen William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroak ere. Bestalde, Hugo Chavez Venezuelako presidenteak bere babesa berretsi die palestinarrei, NBEra bidalitako gutun baten bidez, eta Abdala II.a Jordaniako erregeak Israelgo Gobernuaren jarrera kritikatu du. «Harearen azpian ezkutatuta dauka burua, eta arazorik ez dagoela sinetsarazi nahi du».

Bitartean, Netanyahu ostiralean NBEko Batzar Nagusian egingo duen hitzaldia prestatzen ari dela iragarri du Mark Regev haren bozeramaileak. «Harentzat oso garrantzitsua da erabiliko dituen hitzak zehatzak izatea. Bere hitzaldia ez du soilik hurrengo eguneko komunikabideetan agertzea nahi: historiarako hitzaldia izatea nahi du». Besteak beste, «juduek euren antzinako lurrarekin duten harremana», herrialde arabiarretako protesten ondorioak eta bi estatuen irtenbidea aipatuko ditu Netanyahuk NBEn.

«Auzokide arabiarrekin eta palestinarrekin adiskidetu eta bakean bizitzeko dugun nahia nabarmenduko du. Bi estaturen sorrera defendatuko du, eta beste behin, eskua luzatuko dio bakeari», azaldu du Regevek. Obamarekin bilduko da gaur Israelgo lehen ministroa, New Yorken, eta ostiral goizean emango du hitzaldia Batzar Nagusian, Abbasek leku berean Palestina eskubide osoko estatu kide izateko eskaria egin baino ordu batzuk lehenago.

Batasun gobernurik ez

Nazioarte guztia New Yorken zer gertatuko den begira dagoen honetan, komeni da Al Fata eta Hamas alderdien arteko harremanari ere erreparatzea, hari batean baitago. Abbasek baieztatu du NBEko egoitzatik bueltatu bitartean ez duela eratuko PANeko gobernu berria, eta horrek bi alderdien arteko tentsioa areagotu du.

Joan den otsailean eman zuen dimisioa PANeko gobernuak, baina Abbasek Salam Fajad izendatu zuen lehen ministro, gobernu berria osa zezan. Baina, iragarpenak iragarpen, osatu gabe dago oraindik gobernua, eta Fajad jarduneko lehen ministroa baino ez da. Gobernuak dimisioa eman ostean, Abbasek agindu zuen irailean hauteskundeetara deituko zuela, baina ez zuen horrelakorik egin, Hamasek ere bozetan parte hartu behar zuela argudiatuz. Maiatzean sinatu zuten adiskidetze ituna, baina oraindik ez dute batasun nazionaleko gobernua adosterik lortu. Gainera, Abbasen ekimenaren kontra agertu da Hamas.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.