Israelekin lurrak trukatzeko prest dago Abbas, Palestinako Estatua sortzeko

Benjamin Netanyahuk Laukoteari jakinarazi dio ez duela kontraproposamenik egiteko inolako asmorik

2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak etorkizuneko Palestinako Estatua eraikitzeko proposamena igorri dio Ekialde Hurbilerako Laukoteari —AEB, EB Europako Batasuna, NBE Nazio Batuen Erakundea eta Errusia—. Herrialdearen mugen eta segurtasunaren inguruko xehetasunak bildu dituzte txostenean, eta Zisjordaniako lurren %1,9 Israelgo lurrekin trukatzeko prest agertu dira palestinarrak.

Iragan irailaren 23an, PANek NBEn eskubide osoko estatu kide izateko eskaera egin zuenean, Laukoteak urtebete lehenago etendako negoziazioak berriz martxan jartzeko diplomazia ahalegin berezia hasi zuen. 2012ko urtarrilaren 26a baino lehen alde bakoitzari mugen eta segurtasunaren inguruan proposamenak egiteko eskatu diote bake prozesua bideratzeko, baina Israelek argi utzi du ez duela PANek aurkeztutako txostenari kontraproposamenik egiteko asmorik. Negoziazio mahaira itzuli nahi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak, aurrebaldintzarik gabe. PAN negoziatzeko prest dago, baina 1967ko mugen ezagutza eta kolonien politika bertan behera uzteko eskatu dio Israeli horretarako. Tel Avivek elkarrizketak berriz hasteko lan egin dezan eskatu dio Laukoteari.

Saeb Erekat PANeko negoziazio buruak azaroaren 14an eman zion proposamena Laukoteari.1967ko mugen arabera eratu nahi dute Palestinako Estatua. Dena den, Zisjordaniako lurren %1,9 trukatzeko prest daude. Kolonia ugari dauden eremua eskualdatu nahi dute Israelekin, hain zuzen.

Segurtasunaren alorrean ere hainbat proposamen egin ditu PANek. Israelekin mugan nazioarteko segurtasun indarrak onartzeko prest agertu da. Horrez gain, Israelen aurkako herrialdeekin aliantza militarrak ez egiteko konpromisoa hartu dute, eta Zisjordaniaren desmilitarizazioa ere onartuko dutela jakinarazi dute. Dena den, muga batzuen baitan, Palestinak armak izatea ere bildu dute proprosamenean.

Laukotea Isaac Molho Netanyahuren ordezkoarekin bildu da, eta PANek egin bezala, urtarrilaren amaiera baino lehen proposamen bat egiteko eskatu diote. Baina, Tel Avivek ez duela kolaboratuko jakinarazi dio.

Hilabeteko epean bi aldeak negoziazio mahaian esertzea zen Laukotearen hasierako asmoa, non negoziaziorako agenda eta metodoa adostu beharko zituzten. Horrez gain, 2012a amaitu baino lehen behin betiko bakea bermatuko duen akordioa sinatzea nahi du Laukoteak.

Bestalde, Tzipi Livni Israelgo oposizioko buruarekin bildu zen Abbas herenegun, eta 1967ko mugetan oinarritutako bi estatu sortzeko irtenbide bakarra negoziazioarena dela esan dio.Livnik, bat egin du Abbasekin, eta Israelek berehala negoziatzera eseri beharko lukeela adierazi du, «egoerak okerrera egin aurretik». PANek negoziazioetara itzultzeko borondatea duela esan zuen Livnik. «Nire ustez Netanyahuk elkarrizketak berriz martxan jarri nahi baditu, egin dezake, beraz, ez dut ulertzen zergatik ez duen egiten», adierazi zuen.

Israelen agintzen duen Likud alderdiak baina bilera kritikatu du. Livniri negoziazioak bere alderdia boterera itzuli arte atzeratu nahi izatea leporatu diote.

Erasoak Gazan

Bitartean Gazan tentsio uneak bizi izan zituzten herenegun, beste behin. Israelgo soldaduek hainbat laborantza eremu suntsitu zituzten ibilgailu militarrekin. Horrez gain, mugan eraikitako dorrexketatik Gazara tiroka aritu ziren soldaduak, eta helikopteroak ere bidali zituzten. Tel Avivek «ohiko operazioak» zirela esan zuen beranduago. Jordango bailarako hainbat herritan, berriz, kanpadendak, estalpeak eta etxolak eraitsi zituzten Israelgo soldaduek.

Atzo, berriz, Jerusalemen hainbat palestinarrek protesta egin zuten kolonia batean eraikitzen ari diren sarbidearen aurka, eta Israelgo Poliziak hainbat lagun atxilotu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.