Qatarreko ordezkaritza bat aritu da bitartekari lanetan, eta lortu du azkenean Hamasek erasoak etetea. Abuztuaren 11z geroztik Israelen bonbapean bizi dira Gazako bi milioi palestinarrak. Hamasek ohartarazia zuen egoera muturrekoa zela, erasoen eta argindar faltaren ondorioz —salgaiak sartzeko pasabide bakarra itxi egin du Tel Avivek, eta erregaia sartzea debekatu, erasoetarako erabiltzen dutela argudiatua—. Horiek hala, suziriak jaurtitzeari utziko dio talde islamistak.
«Hainbat asteko elkarrizketen ostean, Qatarrekoo ordezkari Mohamed el-Amadi ordezkariaren bitartekaritzarekin, borrokak amaitu eta egonkortasun bermatzeko akordioa itxi dugu. Hainbat proiektu ere jarriko dira martxan Gazako herritarren egoera hobetzeko», adierazi du erakundeak idatzi batean.
Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatu dio Israeli zabal dezala salgaiak Gazara sartzeko pasabidea, eta baimen ditzala erregaia eta bestelako oinarrizko salgaiak. NBEko Palestinarako ordezkari Jamie McGoldrickek ohartarazi du lurraldean dagoen zentral elektriko bakarra geldirik dagoela, eta edateko ura lortzeko ere arazoak dituztela, sorgailuak geldirik daudelako.