Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Shaul Mofaz oposizioko Kadima alderdiko buruak batasun gobernua osatzeko akordioa lortu dute gaur, eta beraz, irailaren 4n egitekoak ziren hauteskundeak bertan behera geratu dira.
Haaretz egunkariak jakinarazi du hitzarmen horren bitartez Kadima alderdiak konpromisoa hartu duela Netanyahuren politikak Legebiltzarrean 2013ra arte babesteko —agintaldia orduan bukatzen zaio—.
Horren truke, Kadima Israelgo Gobernuaren parte izango litzateke. Mofaz bera lehen ministrorde izendatuko lukete.
Hauteskundeei begira, Mofazek Haaretz egunkariari emandako elkarrizketan esan zuen irabaziz gero, ez lukeela Netanyahurekin bat egingo. "Egungo gobernuak Israelen okerra den guztia ordezkatzen du", adierazi zuen.