Israelen erasoei «gogor» erantzungo diela ohartarazi du Hamasek

Duela bi urte 'Berun urtua' Israelgo armadaren operazioa izan zenean baino «sendoago» dago

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Bake negoziazioek ez dirudite oraingoz bideragarri Ekialde Hurbilean, eta, gainera, bide hori zailtzen duten gertaerak ez dira amaitzen. Joan den larunbatean Israelek Gaza bonbardatu eta bost ekintzaile hil zituenetik, larriagotu egin da egoera. Joan den astelehen gauean Gazako zazpi leku bonbardatu zituen Israelek, «helburu terroristei» erasoz, eta ostegunean abeltzain bat Israelgo soldaduek hil zuten bizkarretik tiro eginda, eta beste hiru lagun zauritu zituzten. Atzo ere jaurti zituzten misilak. Baina nahikoa dela iritzi dio Hamasek.Su-etenean jarraitzen du, baina pazientzia amaitzen ari zaiola jakinarazi du. Palestinarrek «gogor» erantzungo diote Israeli Gazan eraso gehiago egoten badira.

Prentsaurrekoa ematera atera dira ekintzaileak Gazan, «duela bi urte baino sendoago» daudela esatera, eta, «horregatik, etsaiari aholkatzen diogu ergelkeriarik ez egiteko», nabarmendu du Abu Obeidak, Hamaseko bozeramaileak. «Amorrua ziurtatuta daukazue, eta amorrazita daudenen indarra». Bi urte beteko dira bihar Berun urtua operazioa abiatu zuenetik Israelek, eta oraindik oso gogoan dute gertatutakoa. Bi urte dira ere Gazaren eta Israelen arteko mugan 300 metroko tartea ezarri zuela Israelek, baina Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpokoek salatu dute pixkanaka muga tarte hori handituz joan dela Israel Palestinako aldean. Haur asko horra joaten dira eraikuntza materialaren bila, eta urtebetean 24 ume hil dituzte israeldarrek.

Sarraskiaren urteurrena

Abenduaren 27ko gauean sartu ziren israeldarrak Gazara, duela bi urte, Berun urtua operazioaren harira. 280 kilometro koadroko lurraldean 1,4 milioi lagun bizi dira; erdiak baino gehiago, haurrak. Argirik ez dago kaleetan blokeoak eragindako egoeran, hiru urte, hesiz inguraturiko eremuan harrapatuta, argindarra, erregaia eta botikak luxuzko gaiak diren lekuan. Bat-batean, F16 motako 80 gerra hegazkinek iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuten aire eremua, argiz bete gau iluna.

Hiru minutuan ehun tona lehergai jaurti zituzten. 2008-2009ko negu hartan, Israelgo hegazkin eta tankeek etengabe bonbardatu zituzten Gazako herritarrak, azpian nor harrapatzen zuten askorik kezkatu gabe. Hiru astean 1.400 pertsona hil eta 5.300 zauritu zituzten. Gaza, milaka palestinarren bizilekua, erabat suntsituta geratu zen.

2006ko Libanoko gerrako porrotak soldaduei eragindako ezinegona gainditzeko eta botoak bereganatzeko asmoz egin zutela erasoa argitu zuten, ekintzaileen erasoak amaitzeko aitzakiarekin. Richard Goldstone epaileak eta haren taldeak krimenak ikertu eta ondorioak dokumentu batean jaso zituzten, baina Israelek hasieratik ukatu du erasoaldi hartan inolako krimenik egin zenik. Nazioarteko legea «errespetatuz» jokatu zutela defendatzen dute oraindik, etaHamas dela biktima zibilen erantzulea, «herritarrak giza ezkutu gisa erabili» zituelako. Goldstone txostenak jasotzen duen argazkia, ordea, oso bestelakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.