Israelen kolonia politika gaitzesteko eskatuko du PAEk NBEn

Kolono israeldarrek meskita bati su eman diote Zisjordanian; Gazari arrantza eremua txikitu dio Tel Avivek

Erredakzioa
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
PAE Palestina Askatzeko Erakundeak NBE Nazio Batuen Erakundera joko du, berriz ere, bi estaturen proposamena bultzatzeko. Israelen kolonia politika eteteko presio egin nahi dute palestinarrek, eta, horretarako, NBEren batzar nagusian nahiz Segurtasun Kontseiluan Tel Aviven aurkako gaitzespena onartzen ahaleginduko dira.

Israel bi estaturen irtenbidea onartzera eta kolonia politika bertan behera uztera behartzea da ekimenaren helburua, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruaren hitzetan. Izan ere, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean eraikitzen dituzten koloniek argi uzten dute, PAEko kideen ustez, Tel Aviv bi herrialde eratzeko oztopoak jarri nahian dabilela.

Hain justu, NBEk, AEBek eta Europako herrialde gehienek lurralde okupatuetan eraikitzea gaitzetsi badute ere, azaroan 2.000 etxebizitza gehiago eraikitzea erabaki du Israelek. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundean Palestina eskubide osoko estatu gisa onartu eta gero hartu zuen erabaki hori Tel Avivek. Benjamin Netanjahu Israelgo lehen ministroak orduan adierazi zuen bere herrialdeak Jerusalemen eraikitzeko «eskubidea eta betebeharra» duela. Lehen ministrorde Silvan Shalomek, berriz, esan zuen lurralde horiek edozein akordio eginda ere Israelen esku egongo direla.

Kolonoen erasoak

Zisjordaniako Burkin hirian meskita bati su ematen saiatu dira hainbat lagun. Palestinarren aurkako mezuak ere idatzi dituzte paretetan, eta guztiaren atzean kolono israeldarrak daudela salatu dute herritarrek.

Horrez gain, Tel Avivek Gazako arrantza eremua hiru miliara murrizteko itsas seinaleak jarri ditu. Hamaseko nekazaritza sailaren arabera, muga hori gainditzen dutenen aurka tiro egitea arrazoitzeko ezarri dituzte markak. Osloko akordioen arabera, 20 miliakoa beharko luke arrantza eremuak, baina Israelek urtez urte murriztu egin dio eremua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.