Israelen kontra erresistentzia zibila egitera deitu du Barghoutik

Harremanak eteteko eta ekonomian eta segurtasunean boikota egiteko eskatu du Al-Fataheko buruzagiak

Ane Urrutikoetxea.
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Al-Fatah alderdi palestinarreko buruzagi Marwan Barghoutik Israelekiko harreman guztiak eteteko eta ekonomian eta segurtasunean boikota egiteko eskatu du espetxetik. Barghoutiren arabera, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eta Israelen arteko harremanek ez dute estatu berri baten sorrera ekarriko, eta Tel Aviven aurka erresistentzia zibila egitera deitu du: «PANen eta Israelen arteko harremanak antzuak dira. Kolonoentzako eraikinak bikoiztea ez da bakea sustatzeko modua».

Israelen produktuak ez erosteko eta segurtasun neurriak koordinatzeari uzteko eskatu du Barghoutik Israelgo Hadarim espetxetik. 2002an preso hartu zuten Al-Fataheko buruzagia, bost lagun hiltzea leporatuta. Espetxean hamar urte bete dituela, bake negoziaketak alde batera utzi eta erresistentziarako deia egiten duen lehen aldia da: «Negoziazioek porrot egin dutela argi utzi du Israelek. Hortaz, okupazioa amaitu eta estatu berri bat sortzen utziko digutela amesteari utzi behar diogu». Mahmoud Abbas PANeko presidenteak NBE Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan Palestina estatu modura onartzeko eskaerak ez du erantzunik jaso, eta Barghoutik «neurri zorrotzagoak» hartzeko eskatu du: «Palestinarrok okupazioaren aurka protesta egiteko eta 1967ko mugen alde egiteko eskubidea daukagu. Erresistentzia zibila ekintza diplomatikoekin elkartu daiteke».

Israelek NBEko Giza Eskubideen Kontseiluarekiko harremana eten zuen herenegun, hark juduen koloniak aztertzeko ikertzaile batzordea sortuko zuela adierazi ondoren. Hamaseko bozeramaile Fawzi Barhoumen esanetan, Israelen jarrerak palestinarrak zapaltzen dituela frogatzen du, eta «berandu baino lehen» ikertzaileak kolonietara bidaltzeko eskatu du, batez ere Jerusalem ekialdera. «NBEri xantaia egin nahi dio Israelek».

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluko Laura Dupuyren ustez, Israelen jarrera «penagarria» da, baina ikertzaileei herrialdean sartzen utziko dietela sinetsita dago: «Inguruko herrialdeek ikertzaileen lana onartu dute, esate baterako, Sirian eta Libian».Israelek eraikitako kolonien aurka protesta egingo dute palestinarrek ostiralean, Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko mugetan.

Egiptoren laguntza Gazara

Gazako energia krisiari aurre egiteko, PANek akordio bat sinatu du Egiptorekin. Argindarra sortzeko duten zentral bakarra berriz ere martxan ipintzeko, Egiptok gasbidea eraikiko du Gazaraino. Ekoizpena gelditu behar izan dute, erregairik gabe gelditu direlako. PANen eta Egiptoren arteko akordioak Hamas haserraraz dezake, haren onespenik gabe adostu dutelako gasbidea eraikitzea. Dena den, PANek Hamasi leporatu dizkio erregaiarekin izandako arazoak, Egiptok zigorrak jarri dizkiolako palestinar armatuak herrialdean sartzeagatik.

Bestalde, NBEko Ekialde Hurbilerako koordeinatzaile Robert Serryren arabera, PANen bideragarritasun ekonomikoa «arriskuan» dago, eta laguntza eskatu dio nazioarteari, bake negoziazioak bideratu ezinik geldi daitezkeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.