Urtebete igaro eta gero, Israelgo herritarrek maskara kendu ahal izan zuten atzo kalean, pandemia hasi zenetik lehen aldiz. Aldi berean, eskolak ere ateak zabaldu zituzten, aurrez aurreko klaseak emateko. Herrialde hartan bizi diren bederatzi milioi lagunetik bost milioik jarri dituzte txertoaren bi dosiak. Horri esker, soilik 200 lagun daude zaintza berezietako unitateetan eta 2.500 dira positiboak. Kasu berriak ere nabarmen jaitsi dira, atzo 85 atzeman zituzten, eta kutsatze tasa %0,8 da.
Kalean maskararik gabe ibili ahal izango diren arren, leku itxietan derrigorrezkoa da oraindik ere maskara janztea, eta Osasun Ministerioak aholkatu du horiek erabiltzen jarraitzeko jende asko biltzen den inguruetan. Adituek ere ohartarazi dute arriskua ez dela amaitu, eta ostiralean atzemandako positibo berrien artean Indiako aldaerarekin kutsatutako zazpi agertu direla —gaur-gaurkoz adituak aldaera berri hori ikertzen ari dira, baina Indian kasuek nabarmen egin dute gora, eta askok aldaera berriari egozten diote kutsatzeak handitu izana—.
Oso bestelakoa da egoera Gazan eta Zisjordanian. Hamasen kontrolpeko eskualdean nabarmen egin dute gora koronabirusak eragindako heriotzek azken egunetan —23 jakinarazi zituzten atzo—, eta kutsatze tasa %40an dago. Horiek hala, joan den asteartetik gogortu egin dituzte murrizketak, eta etxeratze agindua ezarri dute.
Txertaketa motel doa palestinarren artean. Gazako bi milioi herritarretik soilik 33.000k jarri dute txertoa —81.600 dosi jaso dituzte orain arte—. Zisjordanian, berriz, hiru milioi lagunetik 125.000 inguruk jarri dute. Han ere egoerak okerrera egin du. Ramadana hasi aurreko asteetan kutsatzeak jaistea lortu bazuten ere, azken egunetan kasuek goranzko joera hartu dute.
MSF Mugarik Gabeko Medikuek egoeraren larriaz ohartarazi dute: «Hebrongo Dura erietxera ekartzen dituzten hiru gaixoetatik bat 25 eta 64 urte artekoa da. Gazteen artean ari da birusa zabaltzen, batez ere». Gobernuz kanpoko erakundeak eskatu die Palestinako eta Israelgo agintariei azkartu ditzatela txertatzeak.