ISRAELEN OLDARRALDIA. Su-etena aztertuko duela esan arren, operazio militarra luzatu du Israelek

Erasoak amaitzea, elkarrizketak hastea eta Egipto eta Gaza arteko muga PANen esku geratzea proposatu die Egiptok bi aldeei

ARANTXA ELIZEGI / ALLANDE SOKARROS
2009ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Tel Avivek nazioarteak egindako su-eten proposamenaren oinarriak onartu arren, ez dirudi bonbardaketak etengo dituenik. Izan ere, Berun urtua operazioa luzatzea erabaki du Segurtasun Nazionalerako Ministerioak. Egunotan Gazako mugan bildu diren milaka erreserbistak, berriz, bihar sartuko dira ziurrenik lurralde palestinarrean. Dena den, Israelgo presidente Shimon Peresek iragarri du aztertuko dutela Egiptok egindako proposamena: «Xehetasunak begiratu behar ditugu; tamalez, antolakuntzaren araberakoa da guztia. Paper batek ezin du egoera aldatu». Tel Avivek bi baldintza jarri dizkio balizko akordio bati: koheteekin egindako erasoak amaitzea, eta Hamasen armategiak desegitea. Haatik, Amos Gilad Defentsa Ministerioko bigarrena bidali du Tel Avivek Kairora, operazioaren balizko etenaldia negoziatzeko. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko iturriek, berriz, ontzat eman dute Egiptoren proposamena.

Erakunde islamista, ordea, mesfidati agertu da Frantziak eta Egiptok proposatutako egitasmoarekiko. Hamaseko eledun Gazi Hammadek ohartarazi du Israel gezurretan ari dela tregoa bat onartzearen inguruan, eta inolako hizketaldirik egongo bada, lehenik blokeoa amaitu eta bonbardaketak eten behar dituela. «Israelek oldarraldia zabaltzen eta gogortzen jarraitzen du, ez du bakerako keinurik egin».

Hiru puntu nagusi ditu Kairok eta Parisek egindako proposamenak: epe motzeko tregoa bat onartzea, palestinarrei giza laguntza banatu ahal izatea ekarriko duena; Israelen eta palestinarren arteko zuzeneko elkarrizketak hastea, eta blokeoa eta erasoak amaitzea; eta, azkenik, PANen eta beste talde palestinarren arteko elkarrizketak hastea, eta Egipto eta Gaza arteko mugan PANeko segurtasun indarrak jartzea.

Hala ere, eta bi aldeek su-eten proposamena aztertzen duten bitartean, aurrera jarraitzen du operazio militarrak. Nazioartearen presioei men eginez, egunero hiru eta bost ordu arteko tregoa egitea onartu zuen atzo Tel Avivek. Denbora tarte horretan -hala zehaztu zuten iturri ofizialek- giza laguntzaz betetako kamioiak Gazan sartu ahalko dira, herritarren artean ura eta elikagaiak banatzeko.

Gezurrezko su-etena

Atzokoa izan zen tregoaren lehen eguna, eta Israelek kontrakoa esan arren, etenaldia indarrean zegoen hiru ordutan gutxienez hiru eraso egin zituen armadak. Jabaliako errefuxiatu gunean dagoen giza laguntzaile Alberto Arceren esanetan, 13:00ak pasatxo zirenean, herenegun hildako 43 lagunak lurperatzen ari zirela, misil bat jaurti zuen armadak hilerriko sarrerara. «Jendea korrika atera zen handik, gorpuak lurperatzeko ere denborarik gabe, eta orduan frankotiratzaileak tiroka hasi ziren». Handik ordu erdi ingurura, berriz, Jabaliako erietxetik irten zirenean bonbardaketetako biktimak jasotzera, beste behin tiroka hartu zituzten anbulantziako langileak. «Denek genuen Gurutze Gorriaren ikurra. Bazekiten gorpuak jasotzen ari ginela, baina hamahiru tiro egin zizkiguten. Erizainetako bat izterrean zauritu zuten. Ez dakit nola gauden bizirik».

Gero, 16:00etatik aurrera, erasoaldia indartu zuen beste behin Ehud Olmert lehen ministroaren gobernuak. Iturri ofizialen arabera, etxez etxeko miaketekin jarraitu zuten, eta hegoaldeko hainbat barruti ere bonbardatu zituzten. Orain arte, 700 lagun hil dira oldarraldian; 350 haurrak; eta 130 16 urte baino gutxiagokoak. Inork ez du zehaztu hildako ekintzaileak zenbat diren.



Israelen politikak defendatzen dituztenak ez dira gutxi Frantzian, eta eragin handia duteNBEko Segurtasun Kontseiluko presidentetza hartu berri duen herrialdeko agintariengan ere.

Frantziar, eta Israelen aldeko

Allande Sokarros

Baten bat harrituta geratuko zen Parisen, hil honen 4an, 12.000 lagunetik gora elkarretaratu izanaz, Israelek Gazan daraman oldarraldi militarrari sostengua aldarrikatzeko. «Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidearen alde eta Hamasen biktimak oroitzeko» deitutako manifestazio hura, CRIF Frantziako Judu Erakundeen Ordezkaritza Kontseiluak antolatu zuen. Bildutakoek Israelgo eta Frantziako banderak zeramatzaten eta hebreerazko kantu andana zein La Marseillaise -Frantziako ereserkia- abestuz bukatu zuten elkarretaratzea.

Dena azalduta zegoen Frantziako eta Israelgo banderak eta abestiak nahastuta egote horretan. Jende horiek ez ziren Frantziara erbesteratutako israeldarrak, bai ordea frantses herritar peto-petoak... baina Israelen aldekoak, argi eta garbi. CRIF erakundeak berak ondo islatzen du bikoiztasun hori. 1944. urtean sortutako egitura honek Frantzia naziek okupatzen zuten garaian eratutako Defentsa Judurako Batzorde Nagusia talde klandestinoaren segida hartu du. Gaur egun, hirurogeitik gora elkarte eta erakunde bateratzen ditu, eta guztiek judu sinesmeneko frantziar gisa aldarrikatzen dituzte euren buruak.

CRIF, beraz, Frantziako israeldarren egitura ordezkatzaile nagusi gisa agertzen da, eta halaxe hartzen dute Estatuko agintariek ere. Hortaz, Frantziako presidenteek -V. Errepublikakoek behintzat- ohitura daukate CRIFek urtero antolatzen duen afarian parte hartzeko. Hitzordu honi ez diote inoiz huts egin, ezta Parisko gobernuaren jarrera politikoa palestinarren eta herrialde arabiarren aski aldekoa agertu den garaietan ere.

2001 eta 2007. urteen artean, CRIFeko presidente egon zen Roger Cukiermannek hauxe adierazi izan du: «Juduak, [Frantziako] Errepublikako baloreen zaintzaileak gira; lehen lerroan gaude, zeren eta, juduei oldar egiten zaielarik, askatasunari eta demokraziari eraso egiten zaie». Alabaina, Frantziako jatorri eta sinesmen juduko herritarrak zaintzearen betekizuna Israelen defentsara zabaldu du CRIFek. Hori eginda, Ekialde Hurbilean zinezko bakearen jarrera daramala nabarmendu du betidanik, hala ere.

Muturreko juduen indarkeriak

Israelen alde ageri-agerian jartzen den era berean, CRIFek demokraziaren zaintzaile gisa aldarrikatzen du bere burua. Demokratak direla ezin da erran, ordea, Frantzian Israelen defentsan jarduten duten beste talde batzuen kontura. Muturreko jarrerak dauzkala argi eta garbi ziurtatu daiteke ere LDJ Judu Defentsa Liga izena duen erakunde baten kasuan. Ameriketako Estatu Batuetan sortutako Jewish Defense League deitutakoaren Frantziako adarra den talde horretako kideen ohiko jokaera da palestinarren herri eskubideen alde diharduten edo agertzen direnei eraso egitea. Muturreko ideologia horrek kazetariei ere oldar egitera eraman ditu LDJko ekintzaileak. Hala, aspaldiko urtetan, Ekialde Hurbileko gatazka Frantziako telebista sare publikoarentzat jarraitzen duen Charles Enderlin esatariari Informazio makurtzailearen Goebbels saria eman zioten, 2002ko urrian, LDJk eta harekin bat egin zuten muturreko beste talde batzuek. Gogoratzekoa da Josef Goebbels izan zela Alemaniako nazien erregimeneko Propaganda ministroa.

AFP informazio agentzia handia ere izan da LDJren jomugan. Hala, 2002ko martxoaren 26an, ehun bat lagun elkarretaratu ziren AFPren egoitza aitzinean, agentzia hori «Frantzian, Israeli eta Ekialde Hurbileko gatazkari buruz, gezurrezko informazio gehien zabaltzen duena» dela salatzeko.

Israelen areriotzat jotzen dituztenen aurka eraso fisikoak erebehin baino gehiagotan burutu dituzte LDJko kideek, 2003, 2004 eta 2005. urteetan. Alta, LDJko kide bakar bat da oraingoz auzitegietan kondenatua izan, 2004ko irailean. Erakundearen legezko egitura 2003ko ekainean bere kabuz desegin ondoren, LDJk modu erdi klandestinoan dihardu oraindik ere.

Muturreko juduek nolabaiteko geriza aurkitu dute jokaera demokratikoan dihardutenek Frantziako agintari gorenengandik jasotzen duten begikotasunean. Ezen, Jacques Chirac aurreko presidentearen jarreratik saihestuta, Nicolas Sarkozyk aldarrikatu izan du «Israelen adiskide» dela. Ikustekoa da hori nola islatuko den Frantziak hartu berria duelarik NBEren Segurtasun Kontseiluaren presidentetza.





Mahmud Abbas

Agintaldia amaitzear

Jasser Arafat ordezkatu zuen Mahmud Abbasek PAN Palestinako Aginte Nazionalaren buruzagitzan. Presidente aukeratu zuten 2005eko urtarrilaren 15ean. Aurretik, Arafaten agintaldian, PANeko lehen ministro izan zen. Kargua garaia baino lehen utzi zuen, ordea, orduko presidentearekin desadostasunak zituelako. Al Fataren sorreratik ziren bidelagun izan ziren biak, eta elkarrekin izan ziren erbestean ere. Egun, 2008ko azaroaren 23tik, Palestinako Estatuko burua ere bada Abbas. Politikari palestinar moderatutzat dauka nazioarteak, Hamasekin osatu zuen koalizio gobernua hautsi zuelako 2007ko uztailean. Bihar amaitzen zaio agintaldia.





Israeli boikota egitera deitu dute hainbat erakundek

Gazan eragiten ari den sarraskia dela eta, Israeli boikota egitera deitu dute Euskal Herriko hainbat erakundek. Ezker Batuak, berriz, erasoak gaitzesteko eskatu die Gipuzkoako Batzorde Orokorrei. Mundubatek, bestalde, kontu korronteak zabaldu ditu palestinarrentzako diru laguntzak biltzeko.





50.000

Giza laguntza. Gazan milioi eta erdi lagun bizi diren arren, soilik 50.000rentzat helarazi ahal izan zuten atzo laguntza. Horretaz gain, 15.000 palestinarrentzako ogia eta 6.000 gaixo hilabetez elikatzeko adina okel eta gaileta banatu zituen Munduko Elikadura Programak.





NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren bilera

Konferentzia Islamikoak eta Ez Lerrokatuen Mugimenduak deituta larrialdiko bilera egingo du bihar NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Gazako egoerari buruz. Iturri ofizialen arabera, biltzarraren ostean, Kontseiluak Israelgo armadaren erasoaldia ofizialki gaitzestea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.