Israelen preso dauden hainbat palestinarrek gose greban jarraitzen dute

Palestina Askatzeko Herri Fronteak jakinarazi du Israelek ez duela bertan behera utzi bakartze politika

Erredakzioa
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Israelgo espetxeetan dauden hainbat preso palestinarrek irailaren 27an hasi zuten gose grebari eutsi diotela jakinarazi du PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteak. Astelehenean PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presoen gaietarako arduradunak Israelekin akordio batera ailegatu zirela iragarri zuen, eta bakartze politika bertan behera uztea onartu zuenez, presoek gose greba bertan behera utziko zutela. Tel Avivek hainbat preso palestinar isolatzen jarraitzen duela salatu du, ordea, PAHFk.

Bitartean, Siria, Turkia, Jordania eta Qatarrek hartu dituzte herenegun Gilad Shalit soldadu israeldarraren truke aske utzi zituzten hainbat preso. 477 lagun atera dituzte espetxeetatik, Hamasekin eginiko akordioaren lehen fasean, eta horietako 42ri ezinbestean erbestera joateko baldintza ezarri zien Tel Avivek. Hamasei lagun Siriara joan dira, hamabost Qatarrera, hamar Turkiara eta beste bat Jordaniara, jaioterrira. Akordioaren arabera, abenduan beste 550 preso askatuko ditu Israelek.

Gazan, berriz, jaieguna izan zen atzokoa, bertara eraman dituzten 293 presoen omenez. Ostiralerako festa bat prestatzen ari dira Hamaseko agintariak.Bitartean, Shalit soldaduaren osasuna uste baino hobea dela jakinarazi dute. Baina haren aitak «denbora» eskatu die harekin hitz egitera hurbildu diren kazetariei. Ehunka militarrek zaintzen dute haren etxea.

Kolonbiaren bitartekaritza

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruarekin hitz egin du bestalde, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bake prozesuaz. Izan ere, duela astebete NBE Nazio Batuen Erakundean PANek Palestina eskubide osoko estatu izateko eskariari ezezkoa emango ziola jakinarazi zion, baina negoziazioetan bitartekari lanak egiteko bere burua eskaini zuen Santosek. Kolonbiako Atzerri ministroa Israelekin bildu da, bitartean, eta Bejamin Netanyahu lehen ministroak NBEn aurka bozkatzeko asmoa eskertu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.