Israelek eman lezakeen erantzun irmoa saiheste aldera, mugaz bestaldera misilik ez jaurtitzeko eskatu die gainontzeko milizia palestinarrei Hamasek. Igandean ekin zion taldeekin biltzeari auziaren inguruko «akordio nazionala» lortzeko. Aiman Taha Hamaseko bozeramaileak zehaztu du xedea dela aitzakiarik ez ematea beste erasoaldi bat egiteko; «Gazaren kontra beste gerra bat hasteko aitzakia baten bila ari baita Israel». Duela bi urteko erasoaldian 1.400 palestinar hil zituztela gogorarazi du bozeramaileak. Ismail Hania lehen ministroaren aholkularia ere bat etorri da su-eten deialdiarekin. Jusef Rezkak ohartarazi du «erasoak eta bonbardaketak etengabeak» direla eta horrek sustatu egiten duela misilen jaurtiketa, baina su-etenarekin konprometituta daudela hala ere.
Jihad Islamikoak bat egin du deialdiarekin, eta azaldu du barne hitzarmen bat dela eta ez su-eten hitzarmen zuzena. Jader Habib buruzagiak jakinarazi du, dena den, «bestelako ekintza militarrekin» aurrera egingo dutela.
Hamasen ekimenak, baina, ez dirudi beste aldean oihartzunik izan duenik; izan ere, 65 urteko palestinar bat hil zuen atzo Israelek Gazan. Shaban Karmut Beit Hanungo etxalde batean ari zen lanean soldaduek tiro egin ziotenean. Goizaldean, berriz, hiru bonbardaketa egin zituzten, eta bost palestinar zauritu. Israelgo armadak adierazi du misilen jaurtiketari emandako erantzuna izan direla bonbardaketok: «Ostiral gauetik hiru misil eta bost mortero bala bota dituzte».
Sheperd hotela
Ekialdeko Jerusalemgo Sheperd hoteleko alde bat suntsitzeari ekin dio, bestalde, Israelek. Sheik Jarra auzoan dagoen hotel historiko horren lurzoruan kokagune bat eraikiko dute; hogei etxebizitza, hiru solairuko aparkaleku bat eta errepide bat. PAN Palestinako Aginte Nazionalak «oso arriskutsutzat» jo du; izan ere, 1967ko gerran okupatutako lurretan eraiki zuten hotela. Europako Batasunak politika anexionista bertan behera uzteko eskatu dio Israeli.
Israelera misilak bota ez ditzaten eskatu die talde palestinarrei Hamasek
Hamasek erasoaldi zabal baterako aitzakia ez dio eman nahi Israeli; hiru bonbardaketa egin ditu armadak Gazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu