Israelgo armadak operazio handi bat paratu du martxan 4.500 desertore eta intsumiso harrapatzeko, Yediot Ahronot egunkariaren arabera. Operazioa hamar egunekoa izanen da, eta helburua da zerbitzu militarra bete ez duten ehunka gazte atxilotzea. Yediot Ahronot-en arabera, azken urteetan anitz igo da desertoreen kopurua: 2010ean 1.800 ziren, eta iaz 2.700. Armadak atxilotze zentro bereziak erabiliko ditu gazte horiek atxikitzeko, eta ehun preso inguru ere espetxetik aterako dituzte desertoreak eta intsumisoak sartzeko. Hagitz militarizatutako gizartea da Israelgoa. 18 urte betetzean herritarrak derrigorrezko soldaduskara deitzen dituzte, emakumezkoak eta gizonezkoak. Emakumeek bi urtekoa dute, eta gizonek hirukoa.
Polizia Militarra arduratuko da operazioaz. Iaz ere gisa horretako sarekada masibo bat hasi zuen armadak, baina hasi eta egun bakarrera eten zuen espetxeetan atxilotuak sartzeko behar bertzeko lekurik ez zegoelako. Yediot Ahronot-ek dioenez, urtean 18.000 lagun espetxeratzen dituzte Israelen soldaduskaren betebeharrei uko egiteagatik. Gaur egun, 215 lagun daude kartzelan arrazoi horregatik: 200 desertore eta 15 intsumiso. Gaur egun zenbat desertore dauden kalkulatzeko armadak irizpidea aldatu duela nabarmendu du Yediot Ahronot-ek. Orain arte zerbitzu militarretik alde eginda 45 egun baino gehiago zeramatzana zen desertorea; orain, berriz, 21 egunera jaitsi dute epea. Atxilotutako gehienek «epe labur bat» igarotzen dute espetxean.
Lurralde Okupatuei, ez
Desertoreak iaz 2.700 ziren, eta armadak dio intsumisoak 1.800 izan zirela. Militarrek diotenez, horietako batzuek arrazoi erlijioso «faltsuak» argudiatzen dituzte iruzur egiteko. Desertzioa edo intsumisioa baino ohikoagoa da soldaduskan dauden gazteek Zisjordaniara eta lehen Gazara joateari uko egitea. Kasu batzuetan, Israelen bertan betetzen dute zerbitzu militarra, baina aldi baterako espetxeratzeak ere ohikoak izaten dira.
Israelgo armada 4.500 desertoreren eta intsumisoren bila hasi da
Hamar eguneko operazioa antolatu du Polizia Militarrak, eta atxilotze zentro bereziak prestatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu