Dagoeneko bost dira herenegun Israelgo Netanya hirian ekintzaile suizida palestinar batek eginiko erasoak utzitako hildakoak. Merkataritza gune batean egindako atentatuan erasotzailea bera eta lau emakume hil ziren. 60 pertsona zauritu ziren, horietako bostlarri. Erasoa Joku Makabeoekin batera jazo zen. Hirian 7,000 atleta israeldar baino gehiago daude egunotan.
Erasoa Jihad Islamikoa taldeak hartu du bere gain, aurretik taldeko buruzagi batzuek erasoarekin inolako zerikusirik ez zutela eta joan den martxoaren 17an hitzartutako su-etenari eusten ziotela adierazi bazuten ere. Hamaseko bozeramaile Mushir al Masrik, bere aldetik, esan zuen Netanyako erasoa Israelgo okupazio indarrek palestinarren aurka eginiko krimenen kontrako «erantzun naturala» izan zela. Netanyako erasoaren aurrean, Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Zisjordaniako Tulkarem hiria berriz okupatzeko eta Gazan eta Zisjordanian setio egoera ezartzeko agindu zuen. Defentsa ministro Shaul Mofazek, aldiz, Jihad Islamikoko buruzagiei Gazako deskonexio plana saboteatu nahi izana egotzi zien. Israelgo eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen ordezkarien arteko elkarrizketak eteteko agindua eman zuen Mofazek. Era berean, Belen eta Kalkilia hirien segurtasunaren kontrola PANen esku uztera zihoazen negoziazioak ere bertan behera utzi zituen. Israelgo Armadak Tulkarem hiria hartzerakoan polizia palestinar bat hil, eta Jihad Islamikoko ustezko bost kide atxilotu zituen. Abbasek, berriz, Netanyako atentatu suizidari «tentel» iritzi, eta «horren atzean daudenak» zigortuko dituztela esan zuen.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
Israelgo Armada Tulkarem eta Belen hirietan sartu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu