Olmertek «damugarritzat» jo zuen jeneralaren dimisioa: «Bere kargua uzteko erabakian atzera egiterik ez dit onartu; damugarritzat diot». Amir Peretz Defentsa ministroak,bere aldetik, armada buruaren ordezkoa izendatu artean jardunean geratuko dela jakinarazi zuen.
Dan Halutzen dimisioa, erabateko ustekabea izan ez bada ere, hautsak harrotuko ditu. Buruzagi politiko eta militar andanakbaita herritar gehienek ere Libanon, iazko uztailaren 12a eta abuztuaren 14a bitartean, Israelgo armadak egin zuen erasoaldiaren porrotaren erantzule nagusitzat jotzen zuten Halutz. Hezbola milizia xiitaren desegitea zen oldar egite honen helburua eta horretarako aitzaki bat baliatu zuten: gerrillari xiitek bi soldadu israeldar gatibu hartzea.
Erasoaldiak iraun zuen hogeita hamalau egunetan, gerrillariak mugatik haizatzea lortu bazuen ere, armada ez zen gerrillari xiitei aurre egiteko gai izan -
bahitutako bi soldaduak askatzerik ere ez zuten izan-. Bonbardaketek, aldiz, kalte handiak eragin zituzten Libanon. Orotara 1.200 lagun hil ziren, gehienak zibilak. Israelgo armadak ziurtatu zuen, aldiz, guztira 600 gerrillari hil zirela, baina borroketan 159 soldadu israeldarrek ere bizia galdu zuten. Hezbolak Israelera jaurtitako koheteen eraginez, bestetik, beste 39 herritar hil ziren bertan.
Gerra amaitutzat eman eta kritikak etorri ziren. Israelgo armadaren baitan ere kritika zorrotzak entzun ziren haren gaitasun militarra zalantzan jarriz. Ehud Olmertek bi ikerketa abian jartzea erabaki zuen, bata agintari politikoen jokaerak eta bestea alderdi militarraren jokaerak argitze aldera. Dan Shomron jeneralak zuzendutako ikerketa militarrak ondorioztatu zuen gerra operazioak gaizki antolatu zirela. Agintari politikoen jokaeraz egindako ikerketen berririk ez da oraino plazaratu.
LAUKOTEAREN DEIALDIA. Ehud Olmert lehen ministroak kezkatzeko bestelako zioak ditu. Israelgo Fiskal nagusiak gobernuburuaren aurkako sumario bat irekitzeko erabakia hartu zuen herenegun. Leumi bankuaren pribatizazioan ustez ustelkeria egin eta ikerketa kriminala abiatu dute bere kontra. Olmert Finantza ministroa zen orduan. Frank Lowy negozio gizon australiarrari ezkutuan lagundu zion susmoak daude. Lowyk ez zuen lortu bankuaz jabetzea.
Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak, bestetik, heldu den ekainaren 29an Laukotea bilduko dela iragarri zuen atzo. AEB, Errusia, Europako Batasuna eta NBEk osatzen dute Laukotea.
SoslaiaOndo lo egiten duen jenerala
Dan Halutz
Israelgo armadako buruzagi gorena
Israelek 2002. urteko abuztuan Gazako etxe bati bonba bat jaurti zion. Sala Sehaderi Hamaseko buruzagia zen bonbardaketaren jomuga. Erasoan, baina, beste hamalau zibil hil ziren, bederatzi haur tartean. Dan Halutz Israelgo armadako buruzagi gorenari erasoari zer iritzi zion galdetu zioten orduan. Erantzuna gupidagabekoa izan zen. «Bonba bat botatzen dudanean zer sentitzen dudan esateko eskatzen didazue ? Begira,hegazkinari segundo bateko astinaldia eragiten diola sentitzen dut,beste ezer ez». Palestinako herritarrei bonbak botatzeagatik kontzientzia arazoak zituen galdetu ziotenean, berriz, berak bonbardaketa horien ostean «oso ondo» lo egiten zuela adierazi zuen. Dan Halutz jeneralaren (Tel Aviv, 1948) gogor ospearen bi adibide baino ez dira. Aire armadan 1966. urtean sartu zen, eta armadako buruzagi goren izan arte, ehunka aire erasotan parte hartu zuen gerrako pilotu gisa. Israelgo armadako buru 2005eko ekainean izendatuzuten. Dan Halutz ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. A. SOKARROSShalit soldadua hiltzeko mehatxua egin du talde palestinar batek
Guilad Shalit soldadu israeldarra iazko ekainaren 25ean bahitu zuten, Gazan. Armada Islamikoak, bahitu zuen taldeetako batek, hura hiltzeko mehatxua egin zuen atzo. Israelek aurki preso palestinar andana askatzen ez badu soldadua hilko dutela ohartarazi dio taldeak Tel Avivi.
Israelen giltzapetuta dauden preso palestinarren kolektiboak, bestetik, gose greba mugagabeari ekin ziotela jakinarazi zuen atzo. Jamal al Sarahin Negeveko basamortuko espetxe batean zegoen 37 urteko preso palestinarra hil ondoren ekin diote gose grebari. Artatze eskasiaren eraginez hil da presoa.
Israelgo segurtasun indarrek, bestetik, gutxienez hamalau lagun atxilotu zituzten atzo, Zisjordaniako Hebron, Janin eta Tulkaremen eginiko sarekadetan.