mundua

Israelgo armadak Askatasunaren Flotillari eraso egin dio

Gazaren blokeoa itsasoz apurtzeko helburuz bertaratu dira bi itsasontziak.

2011ko azaroaren 4a
16:35
Entzun

Israelgo armadak jakinarazi duenez, Gazaren blokeoa apurtzeko asmoz Israelerantz zihoazen ziren itsasontziei eraso egin die. Haren esanetan, norabidea aldatzeko eskatu die ekintzailei, baina ez dute kasurik egin. 

Erasoa 15:20etan gertatu da, nazioarteko uretan, Gazako kostaldetik 35 miliara. Itsasontziak Israelgo Ashdod hiriko portura eramango dituztela esan du armadak. 

Askatasunaren Flotillako bidaiariekin harremanak blokatuta daude. Bederatzi herrialdetako 27 ekintzaile doaz bertan. Itsasontzietan 30.000 dolarreko balioa duen osasun laguntzarako materiala daramate.   

Ekintzaileek adierazi dute Israelek berriro bortxatu duela nazioarteko legedia ekintza honekin, nazioarteko uretan gertatu baita. Gertatutakoa itsaslapurreta egitea dela diote. Itsasontziak eta bidaiariak berehalakoan askatzea eskatu dute, eta dei egin diete bidaiarien herrialdeetako gobernuei Gazara sarrera ahalbidetzera, bertako herritarrren oinarrizko eskubideak bermatzeko. 

Israelgo armada prest zen Askatasunaren Flotillaren aurrean Gazaren blokeoa babesteko

Gazaren blokeoa itsasoz apurtzeko asmoz abiatu ziren asteazkenean bi itsasontzi Turkiatik, sekretupean. Israelek, ordea, bazuen itsasontzi haien berri eta atzo, Israelgo armadaren bozeramaile Avital Leibowitzek jakinarazi zuen prest zirela blokeoa saio haietatik babesteko: "Aspalditik dugu saio horien eta ontzietan doazenen berri, eta erne gaude". Palmer txostenak Gazaren blokeoa zilegi dela ebatzi zuela gogorarazi zuen eta, ondorioz, blokeoa hausteko saioa "probokazioa" dela gaineratu.

Itsasontziak Kanadakoa eta Irlandakoa dira. Askatasuna izena dute, batek gaelikoz —Saoirse—, eta besteak arabiarrez —Tahrir—. Ehab Lotayef Kanadako itsasontziaren antolatzaileetako batek adierazi zuen elkartasuna eramatera doazela: "Giza laguntza baliagarria den arren, askatasunik ez duten presoak dira oraindik". 

Israelek Gazari 2006an ezarri zion blokeoa apurtzeko 11. saioa da hau. Azkenekoa pasa den uztailean egin zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.