Gazaren blokeoa itsasoz apurtzeko bi itsasontzi abiatu dira Turkiatik. Itsasontziak Kanadakoa eta Irlandakoa dira, eta bihar arratsaldean dira Gazara iristekoak. Israelgo armadaren bozeramaile Avital Leibowitzek esan duenez, ordea, prest dira blokeoa babesteko.
Urrun daudela esan du Leibowitzek, baina aspalditik dutela horien berri eta ontzietan doazenen berri, eta erne daudela. Palmer txostenak Gazaren blokeoa zilegi dela ebatzi zuela gogorarazi du, eta ondorioz, blokeoa hausteko saioa "probokazioa" dela gaineratu du.
Itsasontziek Askatasuna izena dute, batek gaelikoz, Saoirse, eta besteak arabiarrez, Tahrir. Bederatzi herrialdetako 27 ekintzaile doaz. Ehab Lotayef Kanadako itsasontziaren antolatzaileetako batek esan du elkartasuna eramatera doazela.
"Giza laguntza baliagarria den arren, askatasunik ez duten presoak dira oraindik", adierazi du. Horregatik sinbolikoa da daramaten zama. Misioa sekretuan izan da orain arte Greziak udan jasan zituen presioen modukoak saihesteko. Igo behar zutenen herena igo da soilik azkenean.
Israelek Gazari 2006an ezarri zion blokeoa apurtzeko 11. saioa da hau.